Urtero bezala, otsailaren 8an, Lehen Hezkuntzako eta DBHko ikasleekin, Zuhaitzaren Eguna eginen da eskolan. Ekimen hau eskolaren eta Udalaren artean antolatzen da.
Ehun inguru bago landare landatuko dira. Oinez landaketa lekura joan eta bazkal tenorea arte, zuhaitzak landatzen ariko dira, tartean hamaiketakoa eginez. Bertze aldietan bezala, haur bakoitzak, nahi badu, bere izena paratuko dio landatutako arbolari. Modua duenak, berriz, etxetik aitzurra ekartzen ahal du. Bertzalde, Haur Hezkuntzako ikasleek udaberrian lore landaketa eginen dute.
Logo bila eta ikastaroak egiten
Egun hauetan eskolaren logoa aukeratzen ere badabiltza. Guraso eta irakasleek, ikasleek eginiko marrazkien artean aukeratuko dute.
Bertzalde, Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuak fruta eta barazkien kontsumoa bultzatzeko abian jarri duen kanpainaren barne, Haur Hezkuntzako haurren artean fruta gosaltzen hasi dira. Ikasturte akaberarte astero fruta banatuko da.
Hirugarren zikloko eta DBHko ikasleak, berriz, pilotak egiten ikasten ari dira. Lekarozko ILZko Migel Ustariz irakaslea astearte arratsaldez gaztetxoekin izaten da.
Ustariz bera, irakasleei zuzenduriko oinarrizko gaitasunen inguruko ikastaro intentsibo bat ere ematen ari da.
Heldu den ikasturtea prestatzeko unea ere heldu da eta aurrematrikulazioa otsailaren 6tik 13ra eginen da. Hurrengo ikasturterako bortz ikasle berri aurreikusi dira.