Kultur Etxea urte bukaerarako egina izanen da

Aitor AROTZENA 2012ko urtarrilaren 25a

Komentu ingurua hesitu eta zuhaitz batzuk botatuak dituzte dagoeneko. Aitor Arotzena

Madrileko 3,6 milioi euroko dirulaguntza aprobetxatzeko hobekuntzak eginen zaizkio proiektuari

Kultur Etxeko lanak abiatu dira. Abenduaren 12ko batzarrean, Kultur Etxea eraikitzeko obra-kontratua HM Compañía General de Construcción S.A. enpresari esleitu zion, aurkeztutako 15 proposamenen artean onena zelakoan.

Lanen hasierako a­u­rrekontua 3.174.939,44 eurokoa baldin bazen ere, eraikuntza enpresa honek %20an jautsi du prezioa. 2.539.951,55 eurotan eginen ditu lanak (%18ko BEZ barne). Orain, abenduaren 31 arteko epea izanen du lanak bukatzeko. Dena den, Peio Etxabide alkateak aipatu digunez, «Madriletik 3,6 milioi euroko dirulaguntza badela kontuan hartuz, hasierako proiektuan ageri ez diren hobekuntza batzuk ere eginen dira, ekipamendu eszenikoa, soinu-ekipoa, 280 lagunendako harmailak edo konbentuaren egokitzapena, erraterako». Guz­tira kasik 5.000 metro koadro erabilga­rri izanen ditu Kultur Etxeak. Horietatik 2.292 konbentuko elizak hartuko ditu. Hemen, erabilera anitzeko aretoa txukun­tzeaz gain, koroa intsonorizatu eginen da. Ondoan eraikiko den nabeak, berriz, 2.681 me­tro koadro erabilga­rri izanen ditu hiru solairutan banatuak eta eszenatokiaz eta harmailez gain, udal liburutegia eta bertze hiru erabilera anitzeko gela izanen ditu bigarren solairuan, bertzeak bertze.

 

PNVren oharra

EAJ-PNVk jakinarazi duenez, «kultur etxea eta liburutegi berria erre­a­litate bihurtuko dira PNVk Madrilen egindako negozioazioen ondorioz lortutako 3,6 milioiko laguntzari esker. Zoritxarrez, proiektu honek aportazio hori bakarrik izanen du, be­rtze inork ez du euro bakar bat ere lortu». PNVk dioenez, gaur egun Bilduk kudeatzen duen udal gobernu taldeak «ez du borrokatu 2003an onartutako diru-kopurua lortzeko edo, guttienez, Nafarro­ako Gobernuak berak eta Kantauriko Ur Konfederazioak eginarazi dituzten aldaketek sortutako garestitzea beraiek ordain dezaten». Honi erantzunez, Bildutik aipatu dutenez, «Nafa­rroako Gobernuarekin bilerak egin dira, PNVko zinegotziak bertan zirela eta argi eta garbi azaldu ziguten ez zela honetarako dirurik 2012an. Kanpainan erran zuten milioi erdi bat lortua zutela, baina hitzez. Orain­ diru hori ez dago inon». Gainera, Madrileko dirulaguntza ere urrian kolokan zegoela aipatu digu Peio Etxabide alkateak, «hauteskundeak heldu zirenez eta gobernuan aldaketak izanen zirenez, gaia 2012ko aurrekontuetako bo­rra­do­rera pasatzen zela aipatu ziguten, eta galdutzat ere eman genuen dirua, baina ordagoa bota genuen, dena a­i­tzindu, udal langile eta teknikariek lana gogotik egin zuten eta lortu dugu proiektuak aitzinera egitea». Halere, garbi utzi nahi izan dute «hau ez dela Bildu­ren proiektua, gu sartu ginenean honekin topo egin genuen eta bertze batzuk aztertu genituen arren, ez zirela bideragarriak ikusi genuen eta dirulaguntza eta Kultur Etxea egiteko aukerarik ez galtzeko aitzinera atera behar zen».

Eraikuntza lanak hasita, kultur etxearen funtzionamenduan eta antolakuntzan pentsa­tzeko tenorea ere ailegatu dela uste du PNVk, «programazioa egokia prestatzeaz arduratuko den batzorde batekin». Alde horretatik, Peio Etxabide alkateak ere aipatu du herriko kultur eragileak bilduko dituen batzordea osatu nahi dela,«kultur etxeari bizia emateko herrita­rrek inplikatu behar dutelako».

Mantenimendu estimazioa ere egin du Udalak eta onartzeko modukoa dela uste du. Bertze jarduerak eta ekitaldiak antolatzerako orduan, «eraikina egiterakoan hainbertze baldin­­­tza eta aitzaki jarri dituen Nafarroako Gobernuaren laguntza espero dugu».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun