Bortzirietako Euskara Mankomunitateak eta Bortzirietako Euskaltegiak "Informatika eta Internet euskaraz" ikastaroa antolatu dute, euskaltegiko otsaileko matrikulazio epea irekiko den honetan. Otsailaren 2an eginen da, ortzegunarekin, Berako Beralandetan, 19:00etatik 21:00etara, eta herritar orori zuzendua da, baina bereziki euskaltegiko ikasleei, irakasleei, solaslagunei, udal ordezkariei, udal langileei, gurasoei eta merkatariei. Ikastaroa emateaz ELEKA ingeniaritza linguistikoa arduratuko da, Itziar Cortesen bitartez.
Interesatuek otsailaren 1era arteko epea izanen dute izena emateko, 10 euro ordainduta. Euskaltegiko ikasleek eta Solaslagun egitasmoko parte hartzaileek ez dute matrikularik ordaindu beharko. 15 plaza baina ez dira izanen, beraz, komeni da garaiz ibiltzea badaezpada ere.
Urtarril-otsaileko matrikulazio kanpaina
Bortzirietako IKA euskaltegiak urtarril-otsaileko matrikulazioa zabaldu du otsailaren 10a arte. Beran eta Lesakan maila guztiak eta EGA eskainiko dira. Internet bidez on-line ikasteko aukera ere ematen du euskaltegiak.
Informazio gehiago 948 637796 telefonoan edo bortziriak@ikanet.net helbidera idatziz.