Euriari aurre eginez, San Antoneko erromeria ospatu zen igandean Lesakako Endara auzoan. Halere, eguraldi hezeak eta goizean bota zuen euriak normalean San Anton eguna ospatzen duen jende aunitzen gogoa zapuztu zuen eta azken urteetan baino jende guttiago hurbildu zen.
Halere, Bortzirietatik eta Gipuzkoa aldetik hurbildutako hainbat lagunek parte hartu zuten igandean Lesakako Endara auzoko San Anton baselizaren inguruan ospatu zen erromerian. Sinestunek 10:00etan, 11:00etan eta 12:00etan meza aditzeko aukera izan zuten San Anton baselizan eta batzuk bere animaliak, zakurrak batez ere, eraman zituzten, ermitaren inguruan hiru itzuli emanez bedeinkatzeko.
Aterki eta zira azpietan babestuta, trikitixa adituz eta dantzatuz, erroskillak eta taloak erosteko, dantzatzeko eta lagunartean trago bat hartzeko aprobetxatu zuen jendeak. Herritik oinez joateko, mendi ateraldia antolatu zuen Beti Gazte elkarteak eta hogei bat lagun joan ziren taldean. Arratsaldean, behin herrira bueltatutakoan, dantzaldia izan zen plazan.