Urteko diru sarrera eta irteerak zehaztu ditu Berako Udalak, eta hasierako onarpena ere eman dio 3.219.071,11ko aurrekontuari. Abenduaren 22an egin zuten bozketa, eta Aralarko zinegotzi bat falta zenez, aldeko bortz boto (Aralarrek 3 eta EAJk 2) eta aurkako bertze bortz (Bilduk 4 eta UPNk 1) izan ziren. Marisol Taberna alkatearen kalitateko botoarekin aitzinera atera zen aitzinera Berako udal aurrekontua.
UPNko zinegotziak, bileran tratatu beharreko gaiengatik lan hizkuntza bat eskatu ondotik, aurkako botua eman zuen, “aurrekontu hauetan gizartearen parte bat diskriminatua dagoelako, ikastetxe guztiei berdin tratatu behar zaie”. Gastuak murrizteko, “Euskara Mankomunitateari kentzen ahal zaio eta diru horrekin langabezian dauden familiei lagundu” adierazi zuen UPNko zinegotziak. Marisol Taberna alkateak erantzun egin zion UPNko zinegotziari, aurrekontua aztertzen hilabete terdi daramatela eta, bederen, azkeneko bi bileretara ez dela agertu erranez. “Kanpoan egon da zenbat denbora eta, orain, demagogiarekin ageri da” aipatu zuen Tabernak. Bilduko ordezkariak, bere aldetik, “langabeziari buruz, herri honetan bi fabrika daude EREn, nahiz eta irabaziak izan eta ERE horiek Nafarroako Gobernuak onartu egin ditu, beraz, bere partiduak, UPNk, bultzatzen du langabezia”. Aurrekontua ez zuen onartu Bilduk, “erreala ez delako, Euskara Mankomunitateak onartu du bere aurrekontua eta Udalek errespetatu behar dute”. PNVko bozeramalea aurrekontuaren alde agertu zen, baina “hala ere, datorren urteari begira lehenago hasi behar da tratatzen eta sakontzen. Aurten berezia izan da hauteskundeak izan direlako eta horregatik denbora eskasagoa”.
336.000 euroko inbertsioak
Inbertsioen sailean, osotara 336.552,04 euro erabiliko da eta zatirik haundienetako bat baso landaketara bideratuko da, 90.605,78 euro; Lesaka-Bera arteko ur-honiduraren proiektuaren bigarren faserako 80.000 euro aurreikusi dira; Kaxernako urbanizaziorako 66.561,29 euro joanen dira, hilerriko lanetan 54.265,18 euro eta abeltzaintzako azpiegiturak hobetzeko 41.359,47 euro.
Kopuru ttikiagoa izanen dute bertze inbertsio hauek: Legia karrikako zolaketa 22.000 euro; udaletxeko ekipamendua 15.000 euro; katastroa berrikustea 8.760,32 euro, liburutegia hornitzea 3.000 euro, S2 edo suhiltzaileen parke ondoko urbanizazioa 2.500 euro eta udal eraikinetako argiztapenaren azterketa (2.500 euro).
Espedientea aztertu eta erreklamazioak aurkezteko aukera izanen da hilabete bukaera arte.