Abenduaren 7an Lesakako Tantirumairu ikastolak Cornelia Lecuona Fundazioko Patronatuarekin hitzarmen berria sinatu zuen. Akordio honen bidez, Ikastolak lortu du Otxogorrienea etxea eta inguruko lurrak bertze 25 urtez erabiltzeko baimena.
Honela, Ikastolak bere Hezkuntza Proiektuarekin aitzinera segituko du eta era berean, etorkizun hurbilean aurreikusten diren eskakizunetara egokitu ahal izateko beharrezko moldaketa eta anpliazioak egiteko aukera izanen du.
Hitzarmen berritze luze baten kronologia laburra
Cornelia Lekuona Fundazioak 1990eko azaroaren 26an sinatu zuen ikastolarekin Otxogorrienea eta inguruko lurrak uzteko hitzarmena. 25 urterako hitzarmena 2015ean bukatzen zenez, ikastolak gaur egun hartzen duen eraikinean segitzeko hori berritu behar zuen nahitaez, baina espero baino gorabehera gehiago topatu ditu azken bi urteetan.
Honela, ikastolaren eta Fundazioko Patronatuaren arteko harremanak ez zutela aitzinera egiten ikusiz, 2010eko azaroaren 27ko udal batzarrak ahobatez babesa eman zion ikastolaren eskaerari eta Patronatuari eskatu zion Otxogorrienea guttienez 30 urterako uzteko akordioa lehenbailehen hartzea, baita inguruan dituen lur-eremuak ere, etorkizunean egin nahi dituen zabaltze lanetarako. Pleno-aretoa betetzen zuten 200 lagunen aitzinean hartu zuen erabakia Udalak.
Baina 2011ko urte hasieran, eskutitza argitara eman zuen Lesakako apezak, alkateak eta apez laguntzaileak osatzen duten Cornelia Lecuona Fundazioko Patronatuak. Honek ez zuen fundazio honen lur eremu batzuk Tantirumairu ikastolaren handitze proiekturako bideratzeko beharrik ikusten, «eskariak ez duelako herriak dituen beharrekin bat egiten, kontuan hartuz fundazioak, D eredu bera eskaintzen duen Irain eskola publikoan 450 leku libre dituela gaur egun». Hori bai, Otxogorrienean behar diren moldaketa lanak egiten ahal zituela onartzen zion patronatuak ikastolari eta Tantirumairu «babestuz eta lagunduz segituko duela» zioen Patronatuaren idatziak, baita 2015ean bukatzen den kontratua automatikoki bortz urteko epeetan luzatuko zela ere. Kontuan hartu behar da ikastolak eskaria egin zuela kontratua 30 urterako luzatzeko, hori baitzen 2015eko Nafarroa Oinez herrian egiteko eskatzen zen baldintza.
Beraz, Fundazioak ez zuen Udalaren eskaria aintzat hartu eta 2011ko ekainean, gainera, bertze urrats bat eman zuen, Fundazioaren egoitza Otxogorrienean kokatu nahi zuela erranez. Patronatua prest azaldu zen Tantirumairu ikastolari eraikin berria egiteko lur sailak uzteko eta kontratu berri bat sinatzeko. Baina kontratu horretan ez lirateke sartuko gaur egun ikastolak ikastetxe bezala erabiltzen duen Otxogorrienea, ezta inguruko lur sailak ere. Horixe zen patronatuak jarritako nahitaezko baldintza eta gainera, 2015ean bukatzekoa zen kontratuaren bidez bi aldeek hartutako konpromiso guziak bukatutzat emanen lituzke kontratu berriak.
Fundazioak, horrela, Otxogorrienea etxea bere egoitza bezala erabiliko luke, «gaur egun ez baitu egoitzarik» eta «fundazio-helburua betez», baita hezkuntza eta kultur ekintzetarako ere (kantua, dantza, musika…) erabiliko litzateke. Tantirumairuk, beraz, berritik eraiki beharko luke ikastola, fundazioko patronatuak egindako proposamenaren arabera. Proposamen honek, noski, ezinegona sortu zuen ikastolako guraso, irakasle eta ikasleen artean.
Azkenean, ibili eta buelta, joan den urte hondarrean sinatu zen hitzarmen berria eta bertze 25 urtez Otxogorrienea eta inguruko lurrak erabili ahal izanen ditu Tantirumairu ikastolak.