Asier Lekuona eta Iñaki Ubiria gidari lesakarrek denboraldi bikaina osatu dute

Aitor AROTZENA 2012ko urt. 17a, 10:42

Asier Lekuona eta Iñaki Ubiria, beraien ibilgailuekin. Aitor Arotzena

Nafarroako zirkuituko Open Kopan 2. eta Euskadiko karting txapelketan 3. izan dira

Asier Lekuonak Citroen Saxo 1.6 bat gidatzen du. Iñaki Ubiriak kart bat. Ez dute elkarren arteko lehiarik izaten, baina gehienetan elkarrekin mugitzen dira, «Lesakan ez dagoelako motorrerako afizio handiegirik». Gustora daude osatu duten denboraldiekin, beraien konpetizioetako sailkapen orokorrean podiumean akautu baitute.

Asier Lekuonak, Nafa­rroako zirkuituko Open Kopan aritu da. Proba gehienak Nafarroan izan badira ere, Aragoiko Alcañizen ere aritu da. Bortz asteburutan hamar karreretan parte hartu du eta horietako bi irabazi ditu, bitan bigarren izan da eta bertze bitan hirugarren. Hain zuzen, erregulartasun horri esker lortu du bigarren postua, 1.600 zentimetro kubiko bitarteko autoei zuzendutako Clase 1ean. Citroen Saxo 1.6 bat gidatu du eta «ez dut inoiz 0rik atera, karrera guztiak bukatu ditut eta hori ez da batere erraza, istripuak direla, aberiak direla… Erregulartasun horri esker lortu dut bigarren postua».

Iñaki Ubiriak, berriz, kart dotore bat gida­tzen du. Euskadiko karting txapelketan parte hartu du hirugarren urtez eta orain arteko emai­tzarik onena lortu du, hirugarren postuan sailkatuz KZ2 kategorian. Halere, nafarra izanik, bada emaitza hori errekurritu duenik. Iñakik umorez hartu du: «Orain dela hiru urte hasi nin­tzenetik denek bazekiten nafarra naizela, baina orain arte ez da arazorik izan, ez nintzelako aitzinean ibiltzen. Orain hasi dira bueltaka». Karrera irabazterik izan ez badu ere, bere kasuan ere erregulartasuna izan da hirugarren postua eskuratzeko gil­tza: «Nik ere karrera guziak bukatu ditut eta ni baino piloto eta kart hobeak gibelean uztea lortu dut». Banaz bertze orduko 140 kilometro hartzen dute kart apal hauek, «baina zirkuituren batean 170 km ere hartzen ahal dira eta hain beheiti zaudenez, abiadura sentsazioa ikaragarria da» dio Ubiriak.

Lesakako bi pilotoak gustora daude emai­tzarekin, baina aitzinera begira eta garai zailak direla jakin arren, patrozinatzaileren bat beharko dutela azpimarratu dute. «Karrera dugun asteburu bakoitzean zuzenean joanda 1.200 bat euro joaten dira eta ai­tzineko egunetik joan eta entrenatu nahi baduzu, afaldu, gaua pasatu… goiti egiten du aurrekontuak».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun