2,5 milioi eurotan esleitu dira Lesakako Kultur Etxearen lanak

Aitor AROTZENA 2012ko urtarrilaren 16a

Kultur Etxearen proiektua eta planoak Lesakako Udalaren webgunean ikus daitezke. www.lesaka.net

Halere, proiektuari hobekuntzak eginen zaizkio, Madriletik emandako 3,6 miloi euroko dirulaguntza probesteko

Lesakako Kultur Etxeko lanak abiatu dira. Abenduaren 12ko batzarrean, Kultur Etxea eraikitzeko obra-kontratua HM Compañía General de Construcción S.A. enpresari esleitu zion, aurkeztutako 15 proposamenen artean onena zelakoan.

Lesakako Kultur Etxeko lanak abiatu dira. Abenduaren 12ko batzarrean, Kultur Etxea eraikitzeko obra-kontratua HM Compañía General de Construcción S.A. enpresari esleitu zion, aurkeztutako 15 proposamenen artean onena zelakoan.

Lanen hasierako aurrekontua 3.174.939,44 eurokoa baldin bazen ere, eraikuntza enpresa honek %20an jautsi du prezioa eta 2.539.951,55 eurotan eginen ditu lanak (%18ko BEZ barne). Orain, abenduaren 31 arteko epea izanen du lanak bukatzeko. Dena den, Peio Etxabide alkateak aipatu digunez, “Madriletik 3,6 milioi euroko dirulaguntza badela kontuan hartuz, hasierako proiektuan ageri ez diren hobekuntza batzuk ere eginen dira, ekipamendu eszenikoa, soinu-ekipoa, 280 lagunendako harmailak edo konbentuaren egokitzapena, erraterako. Ez dakigu dena sartuko zaigun, baina ahalik eta gehiena hobetuko dugu, diru kopuru horretan sartuz”.

Guzira kasik 5.000 metro koadro erabilgarri izanen ditu Lesakako Kultur Etxeak. Horietatik 2.292 konbentuko elizak hartuko ditu. Hemen, erabilera anitzeko aretoa txukuntzeaz gain, koroa intsonorizatu eginen da eta ondoan eginen den eraikin berriarekin lotuko da pasabide baten bidez. Ondoan eraikiko den nabeak, berriz, 2.681 metro koadro erabilgarri izanen ditu hiru solairutan banatuak eta eszenatokiaz eta harmailez gain, udal liburutegia eta bertze hiru erabilera anitzeko gela izanen ditu bigarren solairuan, bertzeak bertze.

 

PNVren oharra

EAJ-PNVk jakinarazi duenez, “kultur etxea eta liburutegi berria errealitate bihurtuko dira PNVk Madrilen egindako negozioazioen ondorioz lortutako 3,6 milioiko laguntzari esker. Diru hori, dagoeneko Lesakako udaleko kutxetan dago, baina zoritxarrez, proiektu honek aportazio hori bakarrik izanen du, bertze inork ez du euro bakar bat ere lortu Lesakarentzat hain garrantzitsua den proiekturarendako”. PNVk dioenez, “Nafarroako Gobernuak ez du euro bakar bat ere paratuko” eta gaur egun Bilduk kudeatzen duen udal gobernu taldeak “ez du borrokatu 2003an onartutako diru-kopurua lortzeko edo, guttienez, Nafarroako Gobernuak berak eta Kantauriko Ur Konfederazioak proiektuan eginarazi dituzten aldaketek sortutako garestitzea beraiek ordain dezaten”. Honi erantzunez, Bildutik aipatu dutenez, “Nafarroako Gobernuarekin bilerak egin dira, PNVko zinegotziak bertan zirela eta argi eta garbi azaldu ziguten ez zela honetarako dirurik 2012an. Kanpainan erran zuten milioi erdi bat lortua zutela, baina hitzez, orain diru hori ez dago inon”. Gainera, Madrileko dirulaguntza ere urrian kolokan zegoela aipatu digu Peio Etxabide alkateak, “hauteskundeak heldu zirenez eta gobernuan aldaketak izanen zirenez, gaia 2012ko aurrekontuetako borradorera pasatzen zela aipatu ziguten, eta galdutzat ere eman genuen dirua, baina ordagoa bota genuen, dena aitzindu genuen, udal langileek eta teknikariek lana gogotik egin zuten eta lortu dugu epeetan sartzea, lanekin 2011n hastea eta proiektuak aitzinera egitea”. Halere, garbi utzi nahi izan dute “hau ez dela Bilduren proiektua, gu sartu ginenean honekin topo egin genuen eta bertze batzuk aztertu genituen arren, ttiikiagoak, ez zirela bideragarriak ikusi genuen eta dirulaguntza ez galtzekotan eta Kultur Etxea egiteko aukerarik ez galtzeko aitzinera atera behar zen”.

Eraikuntza lanak hasita, kultur etxearen funtzionamenduan eta antolakuntzan pentsatzeko tenorea ere ailegatu dela uste du PNVk, “programazioa egokia prestatzeaz arduratuko den batzorde batekin”. Kultur arloan lan handia baldintza eskasetan egiten ari diren talde eta elkarteentzako topagunea izanen da Kultur Etxea, PNVren arabera. Alde horretatik, Peio Etxabide alkateak ere aipatu du herriko kultur eragileak bilduko dituen batzordea osatu nahi dela,”kultur etxeari bizia emateko herritarrek inplikatu behar dutelako”.

Herriko Etxearen zorra hizpide den honetan, nantenimendu estimazioa ere egin du Udalak eta onartzeko modukoa dela uste du. Bertze jarduerak eta ekitaldiak antolatzerako orduan, “eraikina egiterako orduan hainbertze balditza eta aitzaki jarri dituen Nafarroako Gobernuaren laguntza espero dugu. Adibidez, 280 lagunendako harmaila jartzea Gobernuak eskatua da, Nafarroako Kultur Etxeen mapan sartzeko eta sare horretan parte hartzeko”.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun