Presoen eskubideak bermatzen lan eginen du Egin Dezagun Bidea Ekimenak

TTIPI TTAPA 2012ko urtarrilaren 11

Presoen eskubideen alde lan eginen dute Egin Dezagun Bidea ekimeneko kideek. Aitor Arotzena

Presoak etxeratzen hasteko eta erabat aske izateko etenik izanen ez duen bidea hasi dela adierazi du

Bortzirietako Egin dezagun Bidea ekimenak «lan tresna berri» honen aurkezpena egin zuen aben­duaren 17an Lesakan. Talde berriaren erra­ne­tan, «garai berriak heldu dira, baina oraindik Euskal Preso Politikoei salbuespenez ezartzen zaien kartzela politika, erre­presio eta erabilpen irizpideen arabera anto­laturik dago». Horren adie­razgarri dira, ekimenaren ustez, «20 urtetik gora dirauen sakabanaketa politika, bai eta azken hamarkadan gogortu diren muturreko neurriak ere».

Neurri hauek aipatu zi­tuz­ten: «kondena osoa beterik edo gaixotasun larria izanik preso man­ten­tzea, as­katasun kondizionala desagertzea eta behin behineko askatasuna apenas aplikatzea, isola­mendua, presoen aurkako xantaia etengabea, bakar­tzea, urrun­­tzeak, le­kual­datze erabat arbitrarioak, erasoak, jipoiak…».

Euskal presoei politika berezia eta ezberdindua aplikatzen zaiola gogoratu ondotik, des­ber­dintze honen oinarriak «euskal presoen jatorri politikoa eta izaera kolek­tiboan» dagoela erran zuen ekimenak.

Gisa berean, kartzela­ politika errotik aldatu eta konponbide klabeetara igaro behar dela adierazi eta zera aldarrika­tu zuten: «Eskubide guz­tie­kin, Euskal Presoak Euskal Herrira; kondenaren hiru laurdenak bete dituzten presoak kalera, Iñaki kalera; bizi arteko doktrina indargabetu; gaixotasun larrian dauden presoak kalera eta isolamendu eta bakar­tzearekin amaitu».

Orain hasten den bidea «seguruena luzea» izanen dela iritzi zioten, «baina lehenbailehen presoak etxe­ra­tzen hasteko eta guztiak erabat aske izatera ailegatzeraino etenik izanen ez duena». Hor kokatzen da Bor­tzirietako Egin Dezagun bidea.

Bortzirietako instituzio, gizarte eragile, elkarte eta banakakoei auzolanean aritzeko gonbitea ere luzatu zieten eta lehenbiziko aukera urtarri­laren 7an Bilbon egitekoa zen mobiliziazioa zela azaldu zuten: «euskal preso eta iheslariak etxe­ra ekartzeko, denon artean lortuko baitugu».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun