Bortzirietako herritarrek betidanik Irun eta Donostiako erietxeetan jaso izan duten mediku zerbitzuak Iruñera bideratzen ari direla salatu du bortz herrietako alkateek. Azkeneko asteetan hainbat herritarrek euren kezka eta ezinegona agertu dute, orain arte Irunen eta Donostian jaso izan dituzten tratamenduak eta kontsultak bat-batean Iruñera bideratzen dizkietela jakinarazi baitiete. Alkateen erranetan, «ohikoak bihurtu zaizkigu dialisiak, espezialisten kontsultak, ebakuntza ondoko tratamenduak, transplanteak, eritasun degeneratiboak, errehabilitazioak… Iruñera bidaltzea. Kasu batzuetan baino ez dute garraiorik izaten horrelakoetan, garraio publikoa guztiz murritza denean».
Gero eta argiago adierazten dute Osakidetzak ez dituela Bortzirietako eriak artatuko, bereziki eritetxeetatik bertze zentru batzuetara bideratzen dituenetan. Donostiako Onkologikoan tratamenduan edo segimendua egiten ari zaizkion Bortzirietako lau herritarri jakinarazi diete urte berriarekin Iruñean segitu beharko dutela euren tratamenduekin eta antzeko egoera bizi izan dute erditzea programatu dieten haurdunek ere edo transplanteak izan berri dituztenek. Bortzirietako alkateek salatu dute «Osasunbidea eta Osakidetza bakarrik irizpide ekonomikoak erabiltzen ari direla».
Bortzirietako herritarrek Irungo eta Donostiako ospitale eta anbulategietan izan duten zerbitzua mantentzea eskatu dute eta kontuan har dezatela «Iruñeko ospitalera 70 kilometro ditugula, eta aldiz, Irungora 15, edo 35 Donostiakora». Arazoari irtenbidea bilatzeko eskatzeko, Nafarroako Gobernuko Osasun Kontseilari Marta Verari bilera eskatu diote.