Urte zaharra ekitaldiz betea bukatu zen. Eskolako lagunen antzezlanek jendetza ederra bildu zuten eta urtero bezala, arratsalde polita igaro zuten eguberri aitzineko larunbatean. Ttiki ttikitik koxkorretara, talde bakoitzak prestaturiko antzezlanekin irri ederrak atera omen zituzten.
Eguberri bezperan, ohi bezala, Olentzerorekin kantari ibili ziren. Aurten ordea, goizetik kalejiran ibili ziren eta arratsaldean, Olentzeroren bisita jaso zuten. Gainera, Mari Domingik, bere andregaiak ere, egun horretako giroa eta haurren muxuak jasotzeko irrika zuenez, denei ezusteko ederra eman zien. Horrela, Olentzero eta Mari Domingik goxokiak eta muxuak banatu ostean, hurbildutako guziek kantu eta kontu tartean merendu ederra egin zuten. Iaz ez bezala, aurten eguraldi ederra zen, ateri mantendu zen eta iragarritakoak giro ederrean bete ziren.
Biharamunean, Santaktan ibiltzeko intentzioa bazen ere, hondarrean ekitaldi hau ez zen egin.
Futbito
Urte Zahar egunean, egun osoan futbito partidak jokatu ziren. Txapelketa honetan bortz taldek parte hartu zuten. Arratsaldean, finalaurreko eta finaleko partidak jokatu ziren. Txapeldunak, Unai Iparragirre, Imanol Lukanbio, Alberto Fagoaga, Julen Oteiza eta Julen Oskozek osatutako taldea izan zen. Azpitxapeldunak berriz, Imanol, Jon, Xabi eta Borja Iturria, Ander Almandoz eta Joseba Pikabea izan ziren. Txapeldunek, herriko jatetxe batean afaria saria dute. Izen ematean bildutako diruarekin eta Udaletxeak eta Gazte Asanbladak emaniko dirulaguntzarekin afariak ordainduko dira.
Ilunarreko euri langarrak ez zituen herritarrak etxe zuloan geldiarazi. 50 inguru lagunek Euskal Presoak Euskal Herrira eskatuz kalejira egin zuten trikitilarien laguntzaz. Plazatik Aterpera eta Goiko Karrikatik barna berriz ere plazara itzulia egin zuten. Gogoratu behar dugu era berean, Udalak, abenduaren lehenean eginiko plenoan, urtarrilaren 7an Euskal presoen eskubideen alde egindako Bilboko manifestazioarekin bat egitea erabaki zuela.
Lerro hauek idazterakoan, ilbeltzaren 5ean urteroko Errege kabalgata, eta errege egunean berriz, Arantzako Aterpeak antolaturiko Mendi Mutil ohien besta egitekoak ziren.