Udalak bilera irekiak egin ditu herritarrekin Herriko Etxeko aferak zertan diren azaltzeko.
Lehenbiziko bilera abenduaren 15ean egin zuten baserritarrekin. Biharamonean, abenduaren 16an, Alkaiaga eta Zalain Zokoko bizilagunekin izan ziren eta abenduaren 19an, herrian bizi direnekin eta bertze bileretara joateko modurik izan ez zutenekin izan ziren Udaletxeko batzar aretoan.
Gehien solastu zen gaia Herriko Etxeak daukan egoera ekonomiko larria izan zen. Udalak emandako informazioaren arabera, 2007tik hona 4,8 milioi eurotan zorpetu da Herriko Etxea, gaur egun zor dituen 5,15 milioi eurora iritsi arte. Zorraren hirutik bi piszina estaliak eragiten du, 3.400.528,60 euro. Diruzaintza gordekin negatiboaren finantziazioan 680.542,12 euroko zorra dauka udalak (%13,20), 2008an egindako inbertsioetan (jubilatuen lokalean, burdinaren etxean, piszinako ekipamenduak egin ziren eta sarrerak espero zirenak baino ttikiagoak izan ziren) 450.694, 87 euro, saneamendu lanetan 298.213,35 euro, bertzelakoetan (Nabaz, Katazpegi eta Izotzaldeako urak, Fraingo depositoa, Andra Mari Zahar Etxea eta Bittiriako urbanizazioa) 248,681,46 euro eta kanpoko piszinak 76.629,08 euroko zorra eragiten du.
Arazoaren larritasuna ulertzeko, kontuan hartu beharra udalaren urteko aurrekontua 2,8 milioi eurokoa eta Espainiako legediaren arabera, zorpetze muga 1,7 milioikoa dela, nahiz eta Nafarroan, Nafarroako Gobernuaren baimenarekin muga hori gaindi daitekeen, Lesakakokasuan bezala. Beraz, egungo zorpetzea legearen barrenean dago, Nafarroako Gobernuaren baimenaz.
Egoera aunitz aldatzen ez bada, hurrengo 26 urterako zama izanen da zor hau eta horregatik, ez dago apenas inbertsiorako gaitasunik. Joan den urtearen itxiera ez zen defizitario izan eta ez zen zorrik handitu. Udalaren ustez, «Euriborra egonkor mantentzen den heinean eta diru sarrerak eta gastuak egonkortzea lortzen badugu, inongo gastu haundietan sartu gabe, egoerak ez du txarrera eginen eta poliki-poliki zulotik aterako gara».