Ricardo Baroja Eskolako Guraso Elkarteak Baratzea deituriko proiektu berria martxan paratu du. Proiektua ikasleak naturarekin harremana mantentzeko eta elikadurak gure bizitzan duen garrantziaz ohartarazteko helburuarekin jaio da. Gainera, behin martxan jarrita, ikastetxeko jangela hornitzea izanen da bertze helburuetako bat. Baratzearen muntaia guraso animatu batzuen kontura izaten ari da eta gero, baratzea lantzeko ardura, irakasle batzuena eta baratze lanetan aritutako aitatxi-amatxi batzuena izanen da. Azken hauek ikasleei erakusteko prest daude eta beraz, aukera ezin hobea izanen dute ikasleek, bertatik bertara baratze batean egin beharreko lanak ikusi eta egiteko. Aitzurrarekin gehien ariko direnak 5. eta 6. mailako ikasleak izanen dira, baina eskolako ikasle guztiak bertatik pasatzeko asmoa dago. Eskualdean betidanik ekoiztutako produktuekin ari nahi da: porruak, azak, azaloreak, letxugak… Horretarako, Toki Ona Institutuak utzitako lurrak erabiliko dira.