Merkataritzari buruzko gogoeta prozesu parte-hartzailea irekiko da

TTIPI TTAPA 2012ko urtarrilaren 11

Urtarrilaren 16an, 23an eta otsailaren 6an eginen dira lan saioak

Berako merkatari­tzari buruzko gogoeta prozesu parte-hartzailea paratu nahi dute abian Berako Udalak eta Larun Haizpe merkatarien, ostalarien eta zerbitzu enpresen Elkarteak. Horretarako 30 he­rritarrez, 5 udal ordezkariz eta 15 dendariz osatutako lantaldeak eratuko dira. Denetara, beraz, 50 beratarrek parte hartu ahal izanen dute prozesuan, Berako komertzioaren ahulguneak eta indarguneak zein diren, beratarren erosketa ohiturak eta nolako erosketa eremuak behar edo nahi dituzten aztertzeko.

Parte hartzeko izen ematea 012 telefonoan egin behar zen urtarrilaren 5a baino lehen eta parte hartzaile kopurua mugatua denez, antola­tzaileek konfirmatuko du­te izen-ematea, apun­tatutakoen artean aukeraketa eginen baita, auzo eta adin ezberdinetakoak egon daitezen prozesuan.

 

Hiru lan saio

Prozesuko partaide izateak Beralandetan euskaraz eta gazteleraz eginen diren hiru lan bileratan parte hartzea eskatzen du. Lehenbizikoa urtarrilaren 16an eginen da, 19:30etik 21:30era,‘Berako merkataritzaren etorkizuna. Zein da hemendik 10 urtera Berako merkatari­tzarentzat nahi dugun geroa?’ izenburupean. Urtarrilaren 23an, ‘Zein da gaur egungo merkataritzaren egoera? Zein sendotasunak, ahultasunak, erronka nagusienak? Ze iner­tzia du?’ galderei erantzuten saiatuko dira dendariak 14:30etik 16:30era eta gainerakoak 19:00etatik 21:00etara. Otsailaren 6an, 19:30etik 21:30era ‘Zein dira Berako merkataritzaren lehentasunak? Zein egitasmok behar dute bul­tzada nagusia?’ galderei erantzun eta prozesuaren ondorioak lan­tzen saiatuko dira. Saio guziak dinamiza­tzeaz Prometea taldea arduratuko da.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun