Kattagorria, euskal jantzi eta produktuetan espezializaturiko Lesakako lentzeria-mertzeria, teknologia berrien munduan murgildu da bere produktuak online salduz. Online denda berriak hilabete darama martxan eta dagoeneko promozio bide gisa bere lehen emaitzak eman ditu.
Izan ere, inguruko jende askok produktuak web orrian ikusi ondoren dendara etortzea erabaki du. Ekintza honek argi uzten du, Deñe Abuin arduradunaren ustez, “komertzio txikia eta e-commerce eskutik joan daitezkeela eta tradizioa mundu onlinean integratu daitekeela”.
Ideia krisiaren ondorioz sortu zen. Bezeroak dendara joaten ez zirenez, Kattagorriakoek beraien etxeetara hurbildu beharko zutela pentsatu zuten, eta hau teknologia berrien laguntzaz egin zuten. Internetera salto egitea azken berrikuntza izan da, baina ez da bakarra. Inguruko merkataritza guneek komertzio txikiei kalte handia egiten hasi ziren; horregatik, Kattagorriak bere posizionamendua aldatzea erabaki zuen, folklorean espezializatuz eta negozioa produktu turistiko batean bihurtuz.
Kattagorriari buruz
21 urte bete ditu Kattagorriak, bere bezeroei kalitatezko zerbitzua eskainiz eta esperientzia handia hartuz. Hasiera batean mertzeria eta lentzeria eskaintzen bazuen ere, eskaera aztertu eta gero, bere zerbitzu eta produktuen eskaintza zabaltzea erabaki zuen.
Orain dela 3 urte euskal-jantziekin lanean hasi zen, jenderentzat erakargarria zelako eta beraienaren beharretara egokitzen zelako. Segidan "Euskal Linge" markarekin elkarlanean hasi zen mantelak, albornozak, eskuzatarrak, eskuzapiak eta gisakoak salduz. Guzti honi esker "Kalitate Turistikoaren Konpromezua" kalitatezko zigilua eskuratu berri du.