Osasun zerbitzuak Irun eta Donostiatik Iruñera bideratzen ari direla salatu dute Bortzirietako alkateek

Aitor AROTZENA 2012ko urtarrilaren 5a

Lurdes Ibarluzea Igantziko alkatea, Jon Abril Berako jarduneko alkatea, Peio Etxabide Lesakako alkatea eta Migel Mari Irigoien Etxalarko alkatea, Beralandetako agerraldian. Aitor Arotzena

Bilera eskatu diote Nafarroako Gobernuko Osasun kontseilariari

Bortzirietako herritarrek betidanik Irun eta Donostiako erietxeetan jaso izan duten mediku zerbitzuak Iruñera bideratzen ari direla salatu du bortz herrietako alkateek, urtarrilaren 5ean Berako Beralandetan egindako agerraldian.

Bortzirietako herritarrek betidanik Irun eta Donostiako erietxeetan jaso izan duten mediku zerbitzuak Iruñera bideratzen ari direla salatu du bortz herrietako alkateek, urtarrilaren 5ean Berako Beralandetan egindako agerraldian.

Azkeneko asteetan hainbat herritarrek euren kezka eta ezinegona agertu dute, orain arte Irunen eta Donostian jaso izan dituzten tratamenduak eta kontsultak bat-batean Iruñera bideratzen dizkietela jakinarazi baitiete. Alkateen erranetan, «ohikoak bihurtu zaizkigu dialisiak, espezialisten kontsultak (baita pediatrikoak ere), ebakuntza ondoko tratamenduak, transplanteak, eritasun degeneratiboak, errehabilitazioak… Iruñera bidalzea. Kasu batzuetan baino ez dute garraiorik izaten horrelakoetan, garraio publikoa guztiz murritza denean». Izan ere, Beratik eta Lesakatik egunean autobus bat joaten da Iruñera, gainerako herrietatik hori ere ez.

Azkeneko asteetan somatzen da gero eta argiago adierazten dutela Osakidetzak ez dituela Bortzirietako eriak artatuko, bereziki bere eritetxeetatik bertze zentru batzuetara bideratzen dituenetan. Joan den astean, Donostiako Onkologikoan tratamenduan edo segimendua egiten ari zaizkion Bortzirietako lau herritarri jakinarazi diete urte berriarekin Iruñean segitu beharko dutela euren tratamenduekin (lehendik hasitako tratamenduak edota ebakuntzen ondotik egiten dieten errebisioak) eta antzeko egoera bizi izan dute erditzea programatu dieten haurdunek ere edo transplanteak izan berri dituztenek.

 

Iruñera 70 kilometro, Irunera 15

Bortzirietako alkateek salatu dute «Osasunbidea eta Osakidetza bakarrik irizpide ekonomikoak erabiltzen ari direla, kontuan hartu gabe eriak, hauen familiarrak, Bortzirietako egoera soziosanitarioa, etabar…». Alkateek zera eskatu diote osasun agintariei, «betidanik Bortzirietako herritarrek Irungo eta Donostiako ospitale eta anbulategietan izan duten zerbitzua mantentzea , gure egoera geografikoa aintzat izan dezatela, eriaren zein familiaren egoera kontuan hartua izan dadila eta hauei erraztasun guztiak paratzea. Eta kontuan har dezatela Iruñeko ospitalera 70 kilometro ditugula, eta aldiz, Irungora 15, edo 35 Donostiakora».

Arazoari irtenbidea bilatzeko eskatzeko, Nafarroako Gobernuko Osasun Kontseilari Marta Verari bilera eskatu diote.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun