Aurten bosgarren aldiz, Santa Barbarako Igoera eginen da larunbat honetan, urtarrilak 7, Berako Mendi Egunaren barnean. Duela bortz urte hasi ziren Manttale Mendi Lasterketa Taldea, Agerra Mendi Taldea eta Gure Txokoa elkartea igoera hau antolatzen, 2007an Taillon mendian hil ziren Xabier Zubieta, Loro Pikabea eta Xabier Saralegiren omenez. Aldi honetan ere, egun osoko egitaraua antolatu dute:
11:00etatik 13:00etara kirol eskalada tailerra izanen da haur eta helduentzat kiroldegian, Xanti Susperregiren eskutik. 14:00etatik 15:00etara Ricardo Barojako aterpean dortsalak hartzeko aukera izanen da.
14:30ean Santa Barbarara ibilaldi gidatua eginen da. Izena irteeran eman beharko da eta ibilaldia, 6,5 kilometrokoa, kiroldegitik abiatuko da eta Santa Barbarara ailegatu eta lasterkariak ikusi ondotik, berriz ere kiroldegira bueltatuko da.
14:45ean, 12 urte arteko haurrentzako lasterketak eginen dira kiroldegi inguruan.
15:30ean binakako kronoigoera abiatuko da 16-65 urte arteko kirolarientzat. 13-16 urte bitartekoek heldu baten laguntzarekin joan beharko dute.
Lasterketa bukatu eta gero, berendua eta zozketak eginen dira lasterketan eta ibilaldian parte hartu duten guzientzat.
Mendiaren Eguna bukatzeko, 18:30ean solasaldia eskainiko du Javier Yanci Irigoien IVEFeko katedradun lesakarrak, “Deporte competición versus salud: ¿Incompatibles?” izenburupean. Beraz, konpetizio kirola eta osasuna ongi uztartzen ote diren edo bateraezinak diren azalduko du Javier Yancik.