Errege Eguna, bertze urte batez mendi mutil ohien eguna ere izanen da Arantzan. Garai bateko ofizioa gogorra gogoratuz, besta eguna antolatu du Aterpe jatetxeak ilbeltzaren 6rako.
Egitaraua hasteko, ortziral eguerdiko 13:00etan aizkora apostua jokatuko da frontoian, Oihan Larretxea eta Ander Erasunen artean. Bertsolariak eta trikitilariak ariko dira, bai frontoian, bai karrikaz karrika.
14:30ean herri bazkaria izanen da Arantzako Aterpean, Sebastian Lizaso eta Iker Zubeldia bertsolariekin. Menuan, salda, xuri-beltxak, arkumea eta postrerako mamia izanen da, dena kafea, kopa eta txanpainarekin bustia.