Abenduaren 21ean, asteazken arratsaldeko 17:30ean hasita, Berako Isidoro Fagoaga Udal Musika Eskolako ikasleek Eguberrietako kontzertua eskaini zuten.
Hasteko, 5-6 urteko ikasleek, hastapen mailakoek, Musika Hezkuntzako lehenengo mailakoek eta Kulturako lehenengo mailakoek “Gabonak iritsi dira”, Bruno Marsen adaptazioa jo zuten; Zuhatz Larrondo eta Carmen Morenok, pianoarekin Alan Menkenen “Pocahontas” jo zuten; bibolin taldeak The Corrs taldearen “Silver Strand”; Ibon Irastorza lehenengo txistuak, Oier Larretxea bigarren txistuak, Asier Oses silboteak eta Maialen Ruizek pianoan, Jagoba Astiazaranen moldaketa duen Sabin Bikandiren “Lasa” (kontrapasa) jo zuten; kitarra taldeak “Tarantela” italiar herrikoia; abesbatza eta pianoak Eva Ugalderen “Dizdira zeruan”; triki talde txikiak eta helduen pandero taldeak, pianoan Zuhatz Larrondo lagun zutela, Eva Ugalderen “Dizdizka zeruan”; triki taldeak, Mari Jose Bergara pianoan eta Igor Telletxea marimbarekin lagun zutela, “Mendi aldetik datoz” Xanti Espinaren Gabon kanta; triki taldeak, teklatuan Carmen Moreno eta marimbarekin Igor Telletxea zutela, M.M. Azpiazuren “Gau erdian soinua”; triki talde handiak, Oihana Amoros eta Ane Bereau panderojoleekin Ines Osinagaren “Nahi bai, baina”; talde instrumentalak Leonard Cohen-en “Hallelujah” eta bukatzeko, Musika Eskolako ikasle guztiek “Edurra teilatuan” herrikoia jo zuten.
Berako Kultur Etxeko harmailak jendez gainezka ageri ziren eta entzuleek gustora txalotu zituzten Musika Eskolakoek eskainitako doinu ederrak.