Berako merkataritzari buruzko gogoeta prozesu parte-hartzailea ireki nahi da

TTIPI TTAPA 2011ko abenduaren 23a

Urtarrilaren 5a baino lehen eman behar da izena eta urtarrilaren 16an, 23an eta otsailaren 6an eginen dira lan saioak

Berako merkataritzari buruzko gogoeta prozesu parte-hartzailea paratu nahi dute abian Berako Udalak eta Larun Haizpe merkatarien, ostalarien eta zerbitzu enpresen Elkarteak. Horretarako 30 herritarrez, 5 udal ordezkariz eta 15 dendariz osatutako lantaldeak eratuko dira.

Berako merkataritzari buruzko gogoeta prozesu parte-hartzailea paratu nahi dute abian Berako Udalak eta Larun Haizpe merkatarien, ostalarien eta zerbitzu enpresen Elkarteak. Horretarako 30 herritarrez, 5 udal ordezkariz eta 15 dendariz osatutako lantaldeak eratuko dira.

Denetara, beraz, 50 beratarrek parte hartu ahal izanen dute prozesuan, Berako komertzioaren ahulguneak eta indarguneak zein diren, beratarren erosketa ohiturak eta nolako erosketa eremuak behar edo nahi dituzten aztertzeko.

Parte hartzeko izen ematea 012 telefonoan egin behar da urtarrilaren 5a baino lehen eta parte hartzaile kopurua mugatua denez, antolatzaileek konfirmatuko dute izen-ematea, apuntatutakoen artean aukeraketa eginen baita, auzo eta adin desberdinetako pertsonak egon daitezen prozesuan.

 

Hiru lan bilera

Prozesuko partaide izateak Beralandetan euskaraz eta gazteleraz eginen diren hiru lan bileratan parte hartzea eskatzen du. Lehenbizikoa urtarrilaren 16an eginen da, 19:30etik 21:30era, “Berako merkataritzaren etorkizuna. Zein da hemendik 10 urtera Berako merkataritzarentzat nahi dugun geroa?” izenburupean. Urtarrilaren 23an, “Zein da gaur egungo merkataritzaren egoera? Zein sendotasunak, ahultasunak, erronka nagusienak? Ze inertzia du?” galderei erantzuten saiatuko dira dendariak 14:30etik 16:30era eta gainerakoak 19:00etatik 21:00etara. Otsailaren 6an, 19:30etik 21:30era “Zein dira Berako merkataritzaren lehentasunak? Zein egitasmok behar dute bultzada nagusia?” galderei erantzun eta prozesuaren ondorioak lantzen saiatuko dira. Saio guziak dinamizatzeaz Prometea taldea arduratuko da.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun