Azaroa eta abendua hilabete mugituak izaten dira Lesakan eta Tantirumairu ikastolako ikasle eta irakasleek ere hainbat ekitaldi egin dituzte eta oraindik ere eginen dituzte bi hilabete hauetan.
Ferietan Tantirudenda
Azaroaren 24ean, Bortzirietako feria egunean, Ikastolako 5. eta 6. mailako ikasleek postu bat jarri zuten Eskolttikin: “Tantirudenda”. Bertan, etxean egindako postre eta gozoez gain, bigarren eskuko jostailu, liburu, bitxiak eta bertzelako produktuak saldu zituzten. Lortutako dirua aurten Gobernuz Kanpoko bi Erakundetara bidali dute.
Xorroxin Irratiarekin
Xorroxin irratiko emisora ibiltaria ikastolan izan zen azaroaren 21etik 25era. Ikasle guztiek parte hartu dute esatari lanetan. Hizkuntzaren alderdi komunikatiboa lantzeko baliabide aproposa da irratia eta ikasle guztiek primeran pasa zuten.
Ikaspilota
Hirugarren zikloko ikasleek gorputz heziketako klaseetan pilotaren inguruko saioak burutzen dituzte. Hauei bukaera egoki bat emateko, Baztan-Bidasoako ikastoletako (Labiaga, Baztan eta Tantirumairu) ikasleak Elizondoko frontoian elkartu ziren “topaketa” burutzeko. Txokoak desberdinak zituzten: palaz, eskuz, zestaz… Guztira 80 ikasle inguru elkartu ziren. Hagitz ongi pasatu zuten eta kirola eta harremanak lotzen dituen ekintza aberasgarria da.
Euskararen Nazioarteko
Eguna Euskararen Nazioarteko Eguna abenduaren 2an ospatu zen ikastolan. Egitarauari dagokionez, pregoia irakurri, Euskal Herrian euskaraz abestu, Rap doinuan asmatutako koplak entzun, jokuak eta filma izan zituzten eta ikastolako ikasle guztiek hartu zuten parte. Ikastolatik egindako balorazioaren arabera, “azken urteetan gure gizartean lekua hartzen ari den ospakizun honek ikastolan ere badu bere tartea eta errotzen ari den ohitura da”.
Birziklapen tailerra
Bortzirietako Hiri Hondakinen Mankomunitateak antolatuta, 1. eta 2. mailetako ikasleek birziklapenaren inguruko tailer praktiko batean parte hartu zuten abenduaren 12an. Txikitatik birziklapenaren garrantziaz jabetzea beharrezkoa ikusten dute ikastolan. Tailer hauetan egunero sortzen den zaborra nola eta nora bota behar den ikasi zuten.
Eta orain, Olentzero
Abenduaren 24an, arratsaldeko 16:30ean, ohitura zaharrei eutsiz, Ikastolak bere Olentzero aterako du herriko karriketan barna ibiltzeko. Ikastolako atarian elkartuko dira baserritarrez jantzita eta Tantirumairutik parte hartzera animatzeko deia egin dute.