Baratzea lantzen hasi dira Berako Ricardo Baroja eskolan

TTIPI TTAPA 2011ko abenduaren 15a

Ricardo Barojako guraso eta ikasleak hasi dira baratzea prestatzen. Utzitako argazkia

Abenduaren 5ean, berriz, Euskararen Eguna ospatu zuten

Ricardo Baroja Eskolako Guraso Elkarteak “Baratzea” deituriko proiektu berri bat martxan jarri du. Proiektua, ikasleak naturarekin harremana mantentzeko eta elikadurak gure bizitzan duen garrantziaz ohartarazteko helburuarekin jaio da. Gainera, behin martxan jarrita, ikastetxeko jangela hornitzea izango da bertze helburuetako bat.

Ricardo Baroja Eskolako Guraso Elkarteak “Baratzea” deituriko proiektu berri bat martxan jarri du. Proiektua, ikasleak naturarekin harremana mantentzeko eta elikadurak gure bizitzan duen garrantziaz ohartarazteko helburuarekin jaio da. Gainera, behin martxan jarrita, ikastetxeko jangela hornitzea izango da bertze helburuetako bat.

Baratzearen muntaia guraso animatu batzuen kontura izaten ari da eta gero, baratzea lantzeko ardura, irakasle batzuena eta baratze lanetan aritutako aitatxi-amatxi batzuena izanen da. Azken hauek ikasleei erakusteko prest daude eta beraz, aukera ezin hobea izanen dute ikasleek, bertatik bertara baratze batean egin beharreko lanak ez bakarrik ikusi baizik eta egiteko ere. Aitzurrarekin gehien arituko direnak 5. eta 6. mailako ikasleak izanen dira baina eskolako ikasle guztiak bertatik pasatzeko asmoa dago. Eskualdean betidanik ekoiztutako produktuekin aritzeko intentzioa dago: porruak, azak, azaloreak, letxugak…eta horretarako, Toki Ona Institutuak utzitako lurrak erabiliko dira.

 

Euskararen Eguna

Abenduaren 3an, Euskararen Nazioarteko Eguna (ENE) ospatzen da mundu osoan, baina aurten, larunbata izanik, Ricardo Baroja eskolan astelehenean, abenduak 5, ospatu zuten.

Egun osoan, era guztietako ekintzak burutu zituzten. Eguraldiak gehiegi lagundu ez bazuen ere, giro bikaina izan zuten.

Goizeko 10etan handiek zein txikiek harrera egin zioten “Ei Txo”ri eskolako frontoian. Ondoren, zikloka, jolas kooperatiboetan aritu ziren. 12etan “Esaldi lehiaketa” ren sariak banatu eta Trikitixa dantzan aritu ziren.

Arratsaldean euskarazko pelikula bat ikusi zuen eskola osoak Kultur Etxean. Baina ez zuten Euskararen Eguna horrekin bukatu; aurten, estraineko aldiz eta Guraso Elkartearekin batera, zenbat tailer antolatu ziren eskolako patioan; hala nola: paretan murala margotu, talo tailerra, kamiseta tailerra, Euskal karaokea..

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun