Urte bukaerako egunetara inguratu gara. Eskolako jarduerak eta Eguberrietako ekitaldiak tarteko, egitarau polita antolatu dute Udaleko Kultur Batzordeak eta eskolak.
Eskolan
Aste honetan hondakinei buruzko tailerra egitekoa zen eskolan Nafarroako Gobenuko ingurumen arloak antolatuta. Dagoeneko tradizio bilakatu diren antzezlanek ere euren tartea izanen dute aste honetan. Igantziko eta Etxalarko lagunen aitzinean erakutsi ondotik, larunbat honetan, abenduak 17, jendaurrean antzerki emanaldia izanen da arratsaldez eskolako gimnasioan.
Eguberri giroan sartuz, berriz, abenduaren 22an, Olentzeroren lagunmina eta mezularia den Mari Domingiren bisita jasoko dute eskolan.
Eskolatik kanpo
Horrela, Eguberri bezperara ailegatuko gara. Hilaren 24an, Olentzero ikazkinaren eta Mari Domingiren bisita jasoko dugu herrian. Ongietorria eginen zaie eta musikaz eta kantuz horniturik herriko karriketan barna ibiliko gara. Ondotik, berendua eta gaztain jatea eginen dira.
Bertzale, arratsalde horretan, 18:30ean triki kantu poteoa eginen da.
Urte bukaerako egunetan, abenduaren 28an eta 16:30ean, haurrentzako zine emanaldia izanen da.
Abenduaren 30ean, Amaiur 1512-2012 Nafarroa bizirik-en eskutik hitzaldia izanen da Ekaitza Elkartean, 19:00etan hasita, eta bukatutakoan, luntxa eskainiko da.
Urtezahar Eguna ekitaldiz josia
Urteari akabera emateko, abenduaren 31n goiz-arratsaldez ekitaldiak eginen dira. Egun guztian, futbito txapelketako partidak jokatuko dira frontoian. Taldeak bortz eta zazpi lagun bitartekoak izanen dira eta talde bakoitzak 20 euro ordaindu beharko ditu. Izen-ematea abenduaren 26a baino lehen, telefono hauetako batera deituz egin behar da: 627 001380 (Dabit) edo 676 389094 (Ander).
Irabazten duen taldeak sari gisa herriko jatetxe batean afaria hartuko du.
Bertzalde, 20:00etan presoen aldeko giza katea eta kalejira eginen da musikaz alaiturik. Eta gauerdian, 2012. urteari ongietorria emanen zaio.
Urtarrilean hondar ekitaldiak
Ilbeltzaren 4an, haurrak oporretan daudela aprobetxatuz, film bat emanen da.
Biharamunean, Errege Egunaren bezperan, ohi bezala, erregeen kabalgata izanen da arratsalde-ilunabar aldera.