Sareak aldatu eta zoladura berritzeko lanak aste honetan hastekoak dira. Sasoi enpresak eginen du obra, Udalak egindako deialdian aurkeztutako bederatzi eskaintzen artean, balorazio altuena lortu duelako. 370.266,66 eurotan (BEZ gabe) eginen dira.
Hainbat zatitan eginen dira lanak eta egun hauetan eginen diren prestaketen ondotik, urtarrilaren 9an Herriko Etxe inguruan hasiko dira eta otsailaren 21era bitarte hor ariko dira. Otsailaren 22tik martxoaren 9ra Xubixabal alderdian eginen dituzte lanak eta otsailaren 29tik martxoaren 6ra Kanttonberrin ere ariko dira.
Udaletik jakinarazi dutenez, obra hauek nolako eragina izanen duten ikusi nahi da, gero herritarrekin bilera egin eta azaltzeko, «batez ere Herriko Etxe ingurukoekin eta Eztegarakoekin», adierazi digu Marisol Taberna alkateak.