N-121-A errepidean, Alkaiaga inguruan Berarako sarrera-irteeren arriskuari soluzio bat eman nahizik, Anai Astiz Nafarroako Gobernuko Sustapen eta Etxebizitza kontseilaria, Camino Bonafaux Herrilanetako zuzendari nagusia eta Bortzirietako udal ordezkariak azaroaren 21ean bildu ziren Beran.
Berako sarrera-irteerarako, Nafarroako Gobernuak zazpi proposamen ezberdinen artean 1,2 milioi euroko aurrekontua duen enlaze-erdia onetsi du, bertze gauzen artean Alkaiagako tunelari zati bat ere gehitu beharko liokeena, Beratik Iruñerako irteera gaur egungo tunelaren gaineko aldetik altuera hartuz proposatzen baita, N-121-A errepideko bi erreiak gurutzatu beharrean. Berako Udalak, ordea, bertze proposamen bat dauka: biribilgune bat egitea.
Gobernuko ordezkariek garbi adierazi zuten 2012an ez dela lan honetarako aurrekontu-atalik izanen, eta beraz, 15 hilabetez ahalik eta soluziorik egokiena zein den aztertzeko eztabaidatzeko prest azaldu ziren. Beti ere, bide segurtasunari lehentasuna eman behar zaiola jakinarazi zuten Astiz eta Bonafauxek, Alkaiagako tunelaren hurbiltasuna eta bideak hartzen duen trafiko handia ikusita. Beratik proposatu den biribilgunearekin faktore aunitz daudela ere aipatu zuten, hala nola, zubia, desnibela, lanean ari den harrobia...
Camino Bonefauxek Gobernutik aurkeztu den aurrekontua «ez dela garestia» adierazi zuen, baina gaineratu zuenez, «obra konplikatua da, tunel zati bat gehitu behar delako, erreka ere ondoan dagoelako, desnibel handia duelako eta pareta handia egin beharko litzatekeelako, ongi segurtatua».
Berako udal ordezkariek, «kontsentsua» ere nabarmendu zuten: «kontsentsua bilatu behar dugu Bortzirietako ordezkariek, beratarrek ez ezik Bortzirietako bizilagunek erabiltzen baitute, zerbitzu aunitz Beran daudelako eta egitasmoak hartzen duen eremua Lesakan dagoelako». Gainera, industrialde eta etxebizitzetarako sarrera-irteera ere bada bidegurutzea.