Guzira 154 azienda aurkeztu ziren azaroaren 24an azienda feriara, horietatik 83 zaldi eta behorrak, 22 ponni, 41 behi batzuk bere aretzearekin eta 8 ahari. Giro ederrean joan zen eguna, eguraldiak ere bikain lagundu baitzuen eta jendez gainezka izan ziren herriko karrikak.
Behi azienda lehiaketari dagokionez, suitzen kategorian, 190 euroko lehen saria eta 100 euroko hirugarrena, Gillenbordako Francisco Javier Altzugarairen bi bururentzat izan ziren. Bigarren saria, berriz, 160 euro, azken urteetan lehen postuetan ibilia zen Berako Begibeltzenekobordako Joxean Igoak eskuratu zuen. Haragitako behien kategorian ez zen ezusterik izan eta joan den urtean bezalaxe, hiru lehenbiziko sariak (hemen ere 190, 160 eta 100 euro) Makukobordako behientzat izan ziren. Aurtengoan ez zen behi holandesarik aurkeztu eta sariak hutsean gelditu ziren.
Zaldietan, 125 euroko lehen saria Nicolas Larraldek aurkeztutakoarentzat izan zen eta bigarren eta hirugarren sariak, 95 eta 50 euro, Iriberriko Jon Muñoarentzat. Lehen aldiz, pottoka (100 euro Joseba Irigoienentzat), montura (80 euro Jose Miguel Almandozentzat) eta ponni onenak (70 euro Jaime Etxegarai beratarrarentzat) ere saritu ziren.
Zortzi ahari aurkeztu ziren eta 50 euroko lehen saria Miguel Angel Etxegarai beratarrarenari egokitu zitzaion, 30 euroko bigarren saria Isabel Larralde lesakarrari eta 20 euroko hirugarren saria Patxi Gortari beratarrari.
Baina azienda feriaz gain, karrikek salmenta postuez eta jendez gainezka egin zuten, eguraldi bikaina probextuz. Plazan, aizkoran eta arpanan aritu ziren eta Sebastian Lizaso eta Iker Zubeldia bertsolariak ere kantari aritu ziren, presoen senide eta lagunek hauen eskubideen aldeko elkarretaratzea egiten zuten artean.
Bezperan, Beti Gaztek antolatutako ajoarriero lehiaketan13 bikote bildu ziren Beheko Plazan eta horien artean, iaz bezala, Bortzirietako Gorriak taldeko Juan Ignacio Etxepare eta Maite Ortega suertatu ziren irabazle.