Bortzirietako bertso eskolak hamahirugarren urtez antolatutako taldekako bertso txapelketa eginen da abenduaren 9an eta 10ean. Azkeneko urteetako egiturari eutsiz, 24 bertsolari aritu dira, zortzi hirukotetan banatuak. Linddurrenbordako finalean Eskolartekuk taldea (Xabier Silveira, Maddi Ane Txoperena eta Maialen Belarra) nagusitu zaio Beratarrak taldeari (Julen Zelaieta, Patxi Castillo eta Aitor Elexpuru).
Lehenbiziko bi kanporaketak abenduaren 9an, ortziral arratsean egin ziren Berako Espidobaita elkartean. Lehenbiziko saioan, Beratarrak taldeak (Julen Zelaieta, Patxi Castillo eta Aitor Elexpuru) irabazi zion Istorikuk taldeari (Manolo Arozena, Egoitz Telletxea eta Iñigo Olaetxea “Makuko”). Bigarren saioan, Bordakuk taldeak (Ioar Tainta eta Juan Mari eta Maialen Lopez aita-alabak) menpean hartu zuen Guaperasak taldea (Josu Sanjurjo, Mikel Telletxea Tetxos eta Iban Garro).
Larunbatean, Lesakako Arranoko bazkalondoan egindako saioan, Eskolartekuk taldea (Xabier Silveira, Maddi Ane Txoperena eta Maialen Belarra) nagusitu zitzaion Malerrekako hirukoteari (Iker eta Egoitz Gorosterrazu anaiaketa Alazne Untxalo). Telebote ostatuan, Baztango lehiaketako txapeldunek (Bittor Elizagoien, Xabi Maia eta Iban Dufurrena) irabazi egin zieten Aurten bai! taldeari (Xabier Terreros, Jon Silveira eta Eneko Fernandez).
Segidan bi finalerdiak jokatu ziren. Haizegoa ostatuan, Eskolartekuk taldeak irabazi egin zien Bordakuei eta Atxaspin Beratarrek irabazi egin zieten Baztandarrei.
Linddurrenbordako afalondoan, giro ederrean kantatu zuten bi talde finalistek, eta azkenean Eskolartekuk nagusitu zitzaion Beratarrak taldeari. Txapelketako bertso onenari emandako Kotto Saria, berriz, Julen Zelaietak eskuratu zuen.
Baina konpetizioa eta lehia baino gehiago, bertso festa handi bat izan da aurten ere taldekako txapelketarena. Izan ere, bertsolariekin batera, bertso-eskolatik ateratako gai-egile, gai-jartzaile, epaile, musikari eta bertsozaleak ere plazaratu dira.