Igantziko Kultur Egunak abenduaren 7tik 11ra ospatuko dira

TTIPI TTAPA 2011ko abenduaren 2a

Abenduaren 11n bizkotxo lehiaketa eginen da. Oskar Txoperena

Abenduaren 8ko erakusketaren gaia Igantziarren afizioak izanen da aurtengoan

Datorren abenduaren 7an, asteazkenez, emanen zaie hasiera 2011ko Igantziko Kultur Egunei. Ohi den bezala, herriko euskara batzordeak antolatu ditu ekitaldiak.

Datorren abenduaren 7an, asteazkenez, emanen zaie hasiera 2011ko Igantziko Kultur Egunei. Ohi den bezala, herriko euskara batzordeak antolatu ditu ekitaldiak.

Hasteko, abenduaren 7an, helduentzako antzerki emanaldia izanen da, 20:30ean Baratzondo elkartean. Egitarauan Xagu Taldearen emanaldia iragarri bazen ere, aktoreetako batek azken orduan izandako istripu batengatik, horren ordez Zirika Zirkus taldearen Pantxika Lamur antzezlana izanen da.

Abenduaren 8an, ohitura den bezala, Igantziko Biltoki elkarteak erakusketa antolatu du. Aurtengo gaia Igantziarren afizioak izanen da. Jakina denez, erakusketa herritarrek utzitako gauzekin, argazkiekin, tresnekin... osatzen da. Beraz, elkarteak dei egiten die herritar guztiei beren afizioekin lotutako gauzak uzteko. Erakusketa goizeko 11:30ean irekiko da eta arratsaldeko 20:00ak arte egonen da zabalik.

Abenduaren 9an, ortziralarekin, Musika musuka haurrentzako saioa izanen da, Mattin irudigilearekin, Igantziko eskolan. Saioa 17:00etan hasiko da eta bi ordu inguru iraunen du. Bitartean, eskolako liburutegia irekia egonen da herritar guztientzat, eta bertako ordenagailuak ere erabili ahal izanen dira. Egun horretan bertan, 19:00etan, Marimendi Emakumeen Mendi Taldearen emanaldia izanen da, Ziberrean. Taldeko kideek 2010ean Peruko mendietara egindako espedizioaren berri emanen dute. Zehazki Mendikate Zuriko Piscon, Ishincan eta Urusen izan ziren; 5.000 metrotik goitiko mendiak hirurak.

Abenduaren 10ean, larunbatarekin, haurrentzako zine emanaldiak izanen dira, Ziberrean. Lehenbiziko emanaldia txikienentzat izanen da, 16:00etan hasita. Ondotik, 17:45ean, bertze emanaldi bat izanen da, kozkorragoentzat. Aurten eskolako haurrek baratzea egin dute, eta krispetak (palomitak) egiteko artoa erein dute; pelikulak ikusten dituzten bitartean horiek dastatzeko aukera izanen dute.

Bitartean, helduentzako bertze aukera bat izanen da. Iñaki Pikabea sukaldariarekin Eguberrietarako menu berri bat sukaldaritza ikastaro laburra izanen da Igantziko Biltokin. Horretan nahi duen guztiak parte hartzen ahal du.

Eta ekitaldiei akabaila emateko, igandean, abenduak 11, bizkotxo lehiaketa eta berendua izanen dira. Bertze urteetan ez bezala, aurten lehiaketa arratsaldez izanen da. Bizkotxoak edozeinek aurkezten ahal ditu, eta lehenagotik eraman beharko ditu Biltokira. Epaimahaiak saridunak zein diren erabaki ondotik, bizkotxoak txokolate beroarekin dastatzeko aukera izanen da, nahi duen guztiarentzat.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun