Bidelagun elkarteak boluntariotza eta solidaritatea gaitzat hartuta “Bertzearen larruan jarri” izenburupean antolatutako bideo lehiaketan aurkeztutako lanen emanaldia eta sari banaketa egin zen azaroaren 30ean, asteazken arratsaldean Berako Kultur Etxean.
Europako Boluntariotzaren Urtearen barnean, aurkeztutako hamar bideoak ikusi ziren. Bera eta Lekarozko institutuetako 14 eta 18 urte arteko ikasleek aurkeztu dituzte bideoak.
400 euroko lehen saria Lekarozko “Wellongivenido” bideoak eskuratu zuen, Ana Antxorena, Enzo Betancourt, Darwin Cuenca, Sara El Ouardani, Flavio Gonçalvez, Tatiana Naula, Christian Orellana eta Victor Soulek prestatua. Epaimahaiaren arabera, saria «bere gidoi zoragarriagatik, bideo landuagatik, harrera, solidaritatea eta bertzearen larruan jartzearen mezu positiboagatik eta jende aunitz inplikatu duelakoz» jaso du.
300 euroko bigarren saria, “Superlagun” bideoarendako izan da, Berako Toki Ona institutuko Igone Salinas, Jennifer Zelaieta, Ismael Perez, Jon Santamaria, Idoia Bertiz eta Ainhoa Altzugurenek landua. «Bere kreatibitateagatik, umlrea eta solidaritate mezua uztartu dutelakoz eta taldeko lana nabaria delakoz» jaso dute bigarren saria. 200 euroko hirugarren saria, berriz, bi lanen artean elkarbanatzea erabaki zuen epaimahaiak. Alde batetik, Lesakako Olaia Otxoteko, Idoia Irazoki eta Johanna Ramirezek egindako “¿Y si fueras tú la diferente?” bideoari, errealizazioan egindako lanagatik eta arrazakeriaren gaia ukitzen duelako eta Lekarozko Amaia Loiarte, Jone Uriarte, Uxoa Bertiz, Jokin Maia, Jon Zubieta, Mikel Sagaseta eta Ander Iraolak egindako “Eskolako Itzala” bideoari, «Bullyng gaia errealismo eta bere gordintasun guztiarekin tratatatzeagatik».
Bidelagun elkarteak, Arcelor Mittal lantegiaren laguntza izan du lehiaketa antolatzeko.