«Hemen ez dute tokirik militaren gerra jolasek eta haien presentziak ez du inongo arrazoirik». Horixe dio Udalak berriki idatzi eta erabakitako oharraren akaberan. Izan ere, azken asteetan Espainiako armadako militarrak herriko mendi, baso eta karriketan ibili dira maniobrak egiten. Udalari deus ere jakinarazi gabe, militarrak «gerratan jolasten» ibili diren bitartean, herritarrek karriketan barna lasai-lasai zebiltzala, espektakulu izugarri surrealistekin topo egin dutela adierazi du Udalak eta gaineratu du, zer gertatzen zen jakin gabe, herritarrek goitik behera armatutako militarrak ikusi behar izan dituztela eta horrek sekulako harridura eta ikara sortu dituela jendearengan. Zenbait egunez talde ttikitan agertu ziren lehendabizi, eta azkeneko aldian, berriz, herri osoa mendean hartzeko moduko militar kopurua azaldu zen. Herritar batzuen arabera, ia 200 militar ibili dira guztira eta irudia ikaragarria izan omen zen.
Udalak, horren guztiaren aitzinean, militarren presentzia gaitzetsi du eta gisa berean, militarrei Euskal Herritik alde egiteko eskaera ere egin die.
Leitzan bezala, gure herrian ere, ongi etorriak ez diren eta sekula ongi etorriak izanen ez diren militarren bisita jaso dugu.