Bortz Herrietako aziendak sarituko dira Lesakako ferietan azaroaren 24ean

TTIPI TTAPA 2011ko azaroaren 23a

Azken urteetan zaldi azienda gailendu da. Artxiboko argazkia

Ortzeguneko egun handiaren aitzinetik, asteazkenean Merkatu Eguneko ekitaldiak ospatuko dira

Lesakako feriak azaroaren 23 eta 24an ospatuko dira eta, ortzeguneko egun handian, Bortzirietako aziendarik onenak sarituko dituzte. Bezperan ere hainbat ekitaldi izanen dira.

Lesakako feriak azaroaren 23 eta 24an ospatuko dira eta, ortzeguneko egun handian, Bortzirietako aziendarik onenak sarituko dituzte. Bezperan ere hainbat ekitaldi izanen dira.

Asteazkenean, Merkatu Eguna izanen da. Bertze urteetan bezala, Irain eskolako jantokian Azoka Ttikia izanen dute 11:00etatik 13:00etara. 18:00etan Trikitixa taldekoek ez ezik, Musika Eskolakoek ere kalejira eginen dute, Santa Zezilia eguna dela-eta. Ordu berean, Beti Gaztek antolatutako ajoarriero lehiaketari hasiera emanen zaio Beheko Plaza inguruan. Bikote bakoitzak 2 kilo bakailao ekarri beharko ditu. Elkarteak 40 euro emanen dizkio bikote bakoitzari. Bikote bakoitzak gas-sukaldea, kazula, zartagina eta behar dituen tresnak eraman beharko ditu. Antolakuntzak olioa, baratxuriak eta gatza jarriko ditu bikote bakoitzarendako. Sariak sailkatutako lehendabiziko 3 bikoteei emanen zaizkie. Bukatzeko, proba ikustera hurbildu den jendeak, lehiaketan parte hartu dute­nek egindakoa dastatu ahal izanen dute. Lagungarri, ardoa eta ogia banatuko da.

 

Ortzeguna, egun handia

Baina dudarik gabe, ortzeguneko feria eguna izanen da egun handia. Goiz osorako artisau erakusketa antolatu du San Fermin erretiratuen elkarteak Beheko Plazan. Azienda lehiaketan iazko sari beretsuak mantenduko dira. Behi-aziendei dagokienez, hiru kategoriatan banatuko dira, holandesak, suitzarrak eta haragitakoak eta bakoitzean hiru sari banatuko dira eta hobekien aurkeztutakoak ere txapela jasoko du. Zaldi aziendentzat eta aharientzat ere hiru sari izanen dira, kopuru ttikiagokoak. Aurtengoan, lehen aldiz, hiru zaldi ederrenak ez ezik, pottoka ederrenak ere 100 euroko saria izanen du, 80 eurokoa monturako zaldi onenak eta 70 euro pony ederrenak. Plazan aziendak ikusgai dauden bitartean, 11:00etan aizkolariak ariko dira (Donato Larretxea,…) eta ondotik Sebastian Lizaso eta Iker Zubeldia bertsolariak, Bortzirietako bertso eskolak antolatutako saioan.

Plaza inguruan eta Bittiria karrikan hainbertze saltzaile ere izanen dira, beraien produktuak salgai dituztela eta horien inguruan hainbat jende bilduko da, eskaintza onen baten bila. Aipatu behar da Elkarrizan boluntario taldeak ere informazio mahaia paratuko duela.

Bazkalondoan, 17:30ean Garfe enpresaren eskutik pilota partidak jokatuko dira udal pilotalekuan. Lehenbiziko partidan, Iker Tainta eta Jesus Mari Almandoz lesakarrak, Alzugarai eta Mitxelenaren kontra ariko dira. Partida nagusian, Beñat Oronoz herriko gazteak Fernando Goñirekin bikote eginen du, Mikel Goñi eta Lasa III.aren kontra jokatzeko. Oronoz etorkizun handiko pilotaria da, eta Nafarroako 22 urtez beheitiko buruz buruko txapelketan azpitxapeldun izan da azken bi urteetan.

19:00etan dantzaldia izanen da Plaza Zaharrean Kupela taldearekin, Lesakan aurtengo udazkeneko feriak akautzeko.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun