Guzira 154 azienda aurkeztu ziren azaroaren 24ean, ortzegun goizean Lesakako azienda feriara, horietatik 83 zaldi eta behorrak, 22 ponni, 41 behi batzuk bere aretzearekin eta 8 ahari. Giro ederrean joan zen eguna, eguraldiak ere bikain lagundu baitzuen eta jendez gainezka izan ziren herriko karrikak.
Behi azienda lehiaketari dagokionez, suitzen kategorian, 190 euroko lehen saria eta 100 euroko hirugarrena, Lesakako Gillenbordako Francisco Javier Altzugarairen bi bururentzat izan ziren. Bigarren saria, berriz, 160 euro, azken urteetan lehen postuetan ibilia zen Berako Begibeltzenekobordako Joxean Igoak eskuratu zuen. Haragitako behien kategorian ez zen ezusterik izan eta joan den urtean bezalaxe, hiru lehenbiziko sariak (hemen ere 190, 160 eta 100 euro) Lesakako Makukobordako Luis Olaetxea eta Asuncion Aiestaran senar-emazteen behientzat izan ziren. Aurtengoan ez zen behi holandesarik aurkeztu eta sariak hutsean gelditu ziren.
Zaldi aziendetan, 125 euroko lehen saria Nicolas Larraldek aurkeztutakoarentzat izan zen eta bigarren eta hirugarren sariak, 95 eta 50 euro, Lesakako Iriberriko Jon Muñoarentzat. Aurten lehen aldiz, pottoka, monturai eta ponni onenak ere saritu ziren. Honela, Joseba Irigoienek 100 euro eskuratu zituen pottoka onenarengatik, Jose Miguel Almandozek 80 euro bere montura behorrarengatik eta Jaime Etxegarai beratarrak 70 euro ponni onena plazaratzeagatik.
Aharietan, azken urteetan baino buru gehiago aurkeztu ziren, beharbada sail honetan ere sariak hobetu direlakoz aurten. Zortzi ahari aurkeztu ziren eta 50 euroko lehen saria Miguel Angel Etxegarai beratarrak aurkeztutakoari egokitu zitzaion, 30 euroko bigarren saria Isabel Larralde lesakarrarentzat eta 20 euroko hirugarren saria Patxi Gortari beratarrarentzat.
Baina azienda feriaz gain, Lesakako karrikek salmenta postuez eta jendez gainezka egin zuten, eguraldi bikaina aprobetxatuz. Plazan, Donato eta Oihan Larretxea, Joxe Mari Olasagasti eta Xabier Zaldua aizkolariak aritu ziren, baina trontzalari eta aizkolari bikote mixtoak ere (Xanta Souza lesakarra eta berriki Nafarroako txapeldun izan den Nerea Sorondo tartean), Sebastian Lizaso eta Iker Zubeldia bertsolariak ere kantari aritu ziren, presoen senide eta lagunek hauen eskubideen aldeko elkarretaratzea ixilean egiten zuten bitartean.
Bazkalondoan, pilota jaialdi ikusgarria antolatu zuen Garfek. Lehenbiziko partidan, Iker Tainta eta Jexux Mari Almandoz lesakarrek 22-21 irabazi zieten Altzugarai eta Mitxelenari. Partida nagusian, Mikel Goñi eta Oskar Lasak 22-20 irabazi zieten Beñat Oronoz herriko gazteari eta Fernando Goñiri.
Ajoarriero lehiaketa
Lesakan egun handia ortzegunekoa izan bazen ere, asteazkenean ere izan ziren zenbait ekitaldi. Nagusiena, Beti Gazte elkarteak antolatzen duen ajoarriero lehiaketa. Guzira 13 bikote bildu ziren Beheko Plazan eta horien artean, iaz bezala, Bortzirietako Gorriak taldeko Juan Ignacio Etxepare eta Maite Ortega suertatu ziren irabazle. Besta giroan egin zen ekitaldia eta horretan lagundu zuen trikitilari taldeak eta musika eskolako kideek egin zituzten kalejirak, baita gaztain erreak saltzeko jarria zegoen postuak ere. Behin lehiaketa bukatuta, ajoarriero platera, baxo bat ardo edo sagardoarekin dastatzeko aukera izan zen, euro baten truke.