N-121-A errepidean, Alkaiaga inguruan Berarako sarrera-irteeren arriskuari soluzio bat eman nahizik bildu dira azaroaren 21ean Anai Astiz, Nafarroako Gobernuko Sustapen eta Etxebizitza kontseilaria, Camino Bonafeux, Herrilanetako zuzendari nagusia eta Bortzirietako udal ordezkariak, tartean Berako, Lesakako, Arantzako eta Etxalarko alkateak, Igantziko zinegotziak eta Berako Aralar, Bildu, PNV eta UPNko zinegotziak. Nekane Perez, NABAIko Nafarroako parlamentari beratarra ere bileran izan da.
Berako sarrera-irteerarako Nafarroako Gobernuak zazpi proposamen ezberdinen artean 1,2 milioi euroko aurrekontua duen enlaze-erdia onetsi du, bertze gauzen artean Alkaiagako tunelari zati bat ere gehitu beharko liokeena, Beratik Iruñerako irteera gaur egungo tunelaren gaineko aldetik altuera hartuz proposatzen baita, N-121-A errepideko bi karrilak gurutzatu beharrean. Orain, Berako Herriko Etxeak bertze proposamen bat dauka, errotonda bat egitea aurrikusten duena.
Lehenik, bidegurutze inguruan bildu dira Iruñeko eta bortz herrietako ordezkariak, baina handik Beralandetara jo dute, proiektuaren zirriborroak eta planoak ikustera.
Nafarroako Gobernuko ordezkariek garbi adierazi dute 2012an ez dela lan honetarako aurrekontu-atalik izanen, beraz, 15 hilabetez ahalik eta soluziorik egokiena Bortzirietako ordezkariekin aztertzeko eta eztabaidatzeko prest azaldu dira. Beti ere, bide segurtasunari lehentasuna eman behar zaiola jakinarazi dute Astiz eta Bonafeuxek, ikusirik Alkaiagako tunelaren hurbiltasuna eta bideak hartzen duen trafiko handia. Beratik proposatu den errotondan faktore aunitz daudela ere aipatu dute, hala nola zubia, desnibela, lanean ari den harrobia eta bertze.
Camino Bonefauxek aipatu du Gobernutik aurkeztu den aurrekontua "ez dela garestia, baina obra konplikatua da, tunel zati bat gehitu behar delako, erreka ere ondoan dagoelako, desnibel handia duelako eta pareta handia egin beharko litzatekeelako, ongi segurtatua”.
Berako udal ordezkariak aipatu dutenez, “kontsentsua bilatu behar dugu Bortzirietako ordezkariek, beratarrek ez ezik Bortzirietako bizilagunek erabiltzen baitute, zerbitzu aunitz Beran daudelako eta egitasmoak hartzen duen eremua Lesakan dagoelako”. Gainera, industrialde eta etxebizitzetarako sarrera-irteera ere bada bidegurutzea.