Bortzirietako Euskara Mankomunitateak antolatuta, TELP ikastaroa eginen da abenduaren 5ean eta 6an Berako Beralandetan. Euskaraz eroso, nonahi eta noiznahi sentitzeko teknikak erakutsiko dituen eta gure hizkuntza erabiltzerakoan sortzen ahal zaizkigun egoera desorosoak arintzeko eta desagerrarazteko baliagarria den ikastaro horretan izen emateko epea azaroaren 21etik abenduaren 2ea bitarte zabaldu da.
Horretarako Bortzirietako Euskara Mankomunitatera deitu (948 634125) edo idatzi behar da (euskara@bortziriak.org) eta ikastaroaren prezioa 20 eurokoa da. Gehienez ere 25 lagun onartuko dira. Gemma Sanginés izanen da irakaslea, hain zuzen Ferran Suay i Lermarekin batera TELP tailerra (Taller d’espai lingüistic personal) sortu zuena, katalanaren gizarte erabileraren kezkak eraginda.
Euskaldunok aunitzetan bizitzen ditugun egoerak gainditzen laguntzeko teknikak landuko dira TELP tailer honetan. Honela, bilera batean zortzi lagunetik batez ez bertze guziek euskaraz jakin arren bilera osoa gaztelaniaz egiten denean, edo supermerkatuko erosketak ordaintzerakoan kutxazainari euskaraz egin eta ongi hartuko ote duen zalantzak dituenean edo, Nafarroako Gobernuko bulego batean tramiteak egiterakoan, legez euskaraz egiteko eskubidea izan arren, langileari euskaaz egin eta modu txarrean euskaraz ez dakiela eta gaztelaniaz egiteko erantzun duenean… Gisa horietako egoeratan ez gara ongi sentitzen, euskaraz egin nahi eta ezin, gehienetan gure barrengo trabengatik gainera. Beraz, egoera horiek gainditzeko teknikak landuko dira euskaraz bizitzeko hautua egin duen edozeinentzat aproposa den ikastaroan.
Abenduaren 5ean, astelehenearekin, 17:00etatik 20:00etara eta abenduaren 6an, astearterekin, goizeko 09:30etik 14:00ak arte eginen da ikastaroa Beralandetan.