Gipuzkoako Lurralde Auzitegiak Igor Portu eta Mattin Sarasola lesakarrak torturatzeagatik lau guardia zibilen aurka ezarritako epaia baliogabetu du aste honetan Espainiako Auzitegi Gorenak. Torturaren Aurkako Taldearen arabera, erabaki horrek torturari eta inpunitateari ateak “parez pare” irekitzen dizkio. Gorenaren epaiak jarrera arduragabea erakusten duela uste du Lorea Bilbao TATeko eledunak.
Amaia Izko akusazio partikularreko abokatuak, Portu eta Sarasolaren senideekin batera Iruñean azaroaren 17an egindako prentsaurrekoan epaiaren irakurketa juridikoa egin zuen. Lehenik eta behin, deigarria egin zitzaion Auzitegi Gorenak salaketa aurkeztu zutenak, Igor Portu eta Mattin Sarasola, alegia, ETAko kide izateagatik 2.000 urteko zigorra jaso dutela gogoraraztea eta horregatik euren testigantza zalantzan egon litekeela azpimarratzea. "Bakarrik falta zaio esatea torturak izatea onargarria izan litekeela", kritikatu zuen Izkok. Bere arabera, aurreiritzi horrek epai osoa hartzen du.
Bertzetik, Auzitegi Gorena "erabat debekatua duen eremua baloratzera sartzen da" aipatu zuen Izkok eta Gipuzkoako Lurralde Auzitegiak egindako frogak aztertzeari ekiten dio, lau guardia zibilei ezarritako zigorra baliogabetzeko. Gainera, bere ikuspuntutik, Auzitegi Gorenak bere egin du segurtasun indarren hipotesia: hala, Gorenak ondorioztatzen du torturen salaketa faltsuak egiteak ETAren estrategia, politiko militar eta prozesalari erantzuten diola. Izkoren arabera, argudio hori bereziki arriskutsua da faltsutzat jotzen ahal dituelako tortura salaketa guziak. Horren aitzinean, familiaren eta torturak pairatu zituztenen izenean eramandako akusazio partikularrak baliogabetasun errekurtsoa aurkeztuko du, eta 30 egunen buruan, babes helegitea Auzitegi Konstituzionalean. Estrasburgoko Europako Giza Eskubideen Auzitegira joateko prest da.
Iruñeko agerraldian, Mattin Sarasola eta Igor Porturen senideak egon dira eta Lorea Bilbao eta Aiert Larrarte TATeko kideak. TATek iragarri du estatuko ordezkariek torturaren aitortza publiko bat egin arte eta torturatuak birgaitu arte lanean segituko duela.