Giro ederra izan zen Lesakan Euskal Herriko Bertso Eskolen Topaketan

Aitor AROTZENA 2011ko azaroaren 14a

Eneko Lazkoz eta Eneko Abasolo "Abarkas" kantari plazan, eguerdiko bertso poteoan. Aitor Arotzena

Zuberoatik hasi eta Araba bitarteko eskoletako 130 kide bildu ziren larunbatean

Euskal Herriko helduen bertso eskolen topaketak azaroaren 12an , larunbatean ospatu ziren Lesakan eta egun osoko besta borobila izan zuten, eguraldi epel eta bikaina lagun. Hainbat bertso-eskoletako kideek eta Lesakako bertso eskolak antolatu zuten egitaraua partaideak Arrano ostatuan elkartzean abiatu zen. Hasi Arabatik eta Zuberoaraino, Euskal Herri osoko bertso eskoletako 130 bat ikasle ibili ziren eguerdiko bertso poteoan.

Unai Gaztelumendi, Xumai Murua, Izar Mendiguren, Eneritz Zabaleta, Maddi Ane Txoperena, Josu Sanjurjo, Eneko Abasolo Abarkas eta Eneko Lazkoz aritu ziren binaka, bikote bakoitza ostatu baten inguruan.

Gero, bazkaria egin zen Linddurrenbordan eta arestian aipatutako 130 bat lagunek lepo bete zuten sagardotegia. Bazkalondoko girokoan, umorea izan zen nagusi, bertso jarriak eta antzeztuak kantatu baitzituzten Baztango helduen bertso-eskolak eta Zarauzko Bertso Eskolak, Iñaki Gurrutxaga, Ander Lizarralde eta Unai Muñoak eta Arabako Iñaki Viñaspre, Enaitz Alustiza, Ander Solozabal eta Ekaitz Samaniegoren eskutik. Baztango bertso eskolakoek, errate baterako, Iruñeko artzapezpikua eta Yolanda Barcina jarri zituzten Nafarroako gizarte arloko sektore ezberdinetako ordezkarien eskariei erantzuten. Umore giro horri, punttu erromantikoa Jon Martin bertsolari oiartzuarren kantuek jarri zioten.

Behin Linddurrenbordatik jautsita, Zialdoan Alaia Martin, Xabier Silveira, Iratxe Ibarra eta Julen Zelaieta bertsolariek saio ederra eskaini zuten Egoitz Aizpuru eta Iker Iriarte gai-jartzaileen erranetara. Ostatu barrenean jende guzia sartu esin, baina Onin errekako petriletik ere ederki aditu zuten batzuk, gau giro epela aprobetxatuz.

22:00etatik aitzinera, Atxaspi ostatuan Oskar Estangarekin dantza eta kantua izan zen eta bertsozale aunitzek biharamoneko goizaldera arte luzatu zuten eguna.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.

Egin TTIPI-TTAPAren lagun