Joan den urtean bezalaxe, aurten ere Berangoko Javier Pedro Fernandez Ferrerasek irabazi du Lesakako Beti Gazte elkarteak antolatutako argazki lehiaketa, “Rinsu-2” izeneko argazkiarekin. Honela, 300 euroko sari bat eta garaikurra eskuratuko ditu. Guzira 38 argazkilarik parte hartu dute, 105 argazki bidaliz.
Aipatzekoa da partehartzaileen artean, Nafarroako, Gipuzkoako edo Bizkaiko argazkilariekin batera, Alikante, Logroño edo Kataluñakoek ere parte hartu dutela.
Irungo Argazki Elkarteko (AFI) Luis Lainsa Arnaiz eta Luis Irisarri Tejadok eta Lesakako Telletxea argazkidendako Jasone Telletxea Maritxalarrek osatu dute epaimahaia eta lan handia izan dute sariak erabakitzeko, “kalitate aldetik maila nahiko altua izan da eta bidalitako lanen artean argazki bikainzak ziren”, aipatu dute.
Aipatu bezala, lehen saria Berangoko Javier Pedro Fernandez Ferrerasek eskuratu du; bigarren saria, 200 euro eta garaikurra, Eibarko Juan Antonio Palaciosek lortu du, “Mirada” argazkiarekin eta 100 euroko hirugarren saria Kataluniara joan da, Juan Manuel Gago Grauk erdietsi baitu “Jose” obrarekin. Kirol argazki hoberenarentzako saria Bergarako Benito Cantero Capezentzat izan da.
Erakusketa hilabete bukaera arte
Lehiaketan parte hartu duten argazki guziak Beti Gazteren egoitzan daude ikusgai azaroan. Erakusketa astelehenetik larunbata arte, 19:00etatik 20:30era eta igandetan 11:30etik 13:00etara egonen da zabalik.