Euskal Herriko bertso eskolen topaketa eginen da azaroaren 12an Lesakan

Aitor AROTZENA 2011ko azaroaren 10a

Beee Eguna izenburupean egun osoko ekitaldiak antolatu dira

Euskal Herriko bertso eskolen topaketak azaroaren 12an ospatuko dira Lesakan eta egun osoko festa egitaraua prestatu dute horretarako, hainbat bertso-eskoletako kideek eta Lesakako bertso eskolak. Alabaina, mikrofonoak erabat zabalik egonen dira egunean bertan sortzen denari.

Euskal Herriko bertso eskolen topaketak azaroaren 12an ospatuko dira Lesakan eta egun osoko festa egitaraua prestatu dute horretarako, hainbat bertso-eskoletako kideek eta Lesakako bertso eskolak. Alabaina, mikrofonoak erabat zabalik egonen dira egunean bertan sortzen denari.

Beeeee Eguna izenburupean eginen den ospakizunaren egitaraua 11:30ean hasiko da, partaideak Arrano ostatuan elkartzean. Eguerdian bertso poteoa eginen da, Unai Gaztelumendi, Xumai Murua, Izar Mendiguren, Eneritz Zabaleta, Maddi Ane Txoperena, Josu Sanjurjo, Eneko Abasolo Abarkas eta Iñaki Alemanen parte hartzearekin.

14:00etan bazkaria izanen da Linddurrenborda sagardotegian eta bazkalondoan bertso jarriak eta sorpresak izanen dira Baztango helduen bertso-eskola, Jon Martin, Iñaki Gurrutxaga, Ander Lizarralde eta Unai Muñoa, Zarauzko bertso eskola, Aitor Sarriegi, Iñaki Viñaspre, Enaitz Alustiza, Ander Solozabal eta Ekaitz Samaniegoren eskutik.

19:00etan bat-bateko saioa eskainiko dute Zialdoan Alaia Martin, Xabier Silveira, Iratxe Ibarra eta Julen Zelaieta bertsolariek, Egoitz Aizpuru eta Iker Iriarte gai-jartzaileen erranetara. 22:00etatik aitzinera, Atxaspi ostatuan Oskar Estangarekin dantza eta kantua izanen da.

Herrialde ezberdinetako helduen bertso-eskolen artean harremanak egitea eta elkarrekin bertsoaz, festaz, lagun taldeaz gozatzea izan dira Topaketa hau sorrarazi duten motiboak, Bortzirietako Bertso Eskolatik jakinarazi dutenez.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun