Ferietan ez, baina eguberrietako kanpaina prestatzen ari dira

TTIPI TTAPA 2011ko azaroaren 9a

Lesakako Zerbitzuen Elkarteko zuzendritza batzordeko kideak: Mertxe Antzizar (Txinelka), Eider Rodriguez (Oninart), Barbaro Solo (Panpina) eta Olga Alzate (farmazia). Legarrako Pilar Jaure

Joan den urtean 1.000 euroko erosketa bonoa zozketatu zuen bezeroen artean Lesakako Komertziante eta Zerbitzuen Elkarteak Lesakako ferietan. Urte osoan prestatu dituzten ekitaldietan arrakasta handiegirik izan ez dutela eta, aurten ez dute halakorik eginen, baina dagoeneko eguberrietako kanpaina prestatuxea dute. Hala jakinarazi digute gaur egun 30 bazkide dituen elkarteko zuzendaritza Ba­tzordea osatzen duten Eider Rodriguez, Olga Alzate, Mertxe Antzizar eta Barbaro Solok. Heldu den urtean erabat berrituko da batzordea, nahiz eta «beharbada hobea izanen zen erditsua aldatzea, zerotik ez hasi behar izateko».

 

Zozketak Eguberrietarako

Azaroaren 16tik abenduaren 16ra arte egiten diren erosketen truke, sariak zozketatuko dira. «Aurten ez da sari handi bat izanen, ttikiagoak izanen dira baina banatuagoak eta aunitz: asteburu bat Errioxan, Atxaspin gau bat gosariarekin, igeri­lekuan masaje tratamentu bat, Eguberrietako loteak, erosketa-baleak, eta abar…». Zozketa egunean hurbiltzen den jendearen artean ere bertze sari batzuk zozketatzeko asmoa dute. Heldu den urtera begira, Udaberriko eta Udazkeneko Azokarik ez dela eginen argi dute Lesakako komertzianteek, «bertze zerbait pentsatzen ari gara, baina garbi dago krisia somatzen ari dela eta jendeak azoka zerbait merkearekin lotzen du eta gure kasuan, dendako prezio beretsuekin ateratzen gara frontoira, ez da saldo edo stock feria». Izan ere, halako azokak antolatzeak lan handia eskatzen du, eta gero jendea ez dutela bildu ikustean «desmotibatu» egiten direla ere onartu dute komertzianteek. Federazioak ere ez du diruz laguntzen. Bertze aldetik, Bera, Doneztebe eta Elizondoko elkarteekin egiten dituzten bilerak «nahiko geldituak daudela» ere aipatu digute, «nahiz eta harremanean segitzen dugun». Berriki, Nafarroako Merkatarien Fede­razioak antolatuta, norbere webgunea sortu eta Google bilatzailean nola kokatu jakiteko ikastaroa bukatu dute komertziante batzuk.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun