Azaroaren 24an Bortz Herrietako aziendak sarituko dira

TTIPI TTAPA 2011ko azaroaren 9a

Behor eta behi ederrak ikusiko dira Lesakako ferietan, bortz herrietatik ekarriak. Ahareak ere sartuko dira lehiaketan eta sari ederrak izanen dituzte. Artxiboko argazkiak

Lesakako feriak azaroaren 23 eta 24an ospatuko dira eta, ortzeguneko egun han­dian, Bortzirietako aziendarik onenak sarituko dituzte.

Asteazkenean, Merkatu Eguna izanen da. Bertze urteetan bezala, Irain eskolako jantokian Azoka Ttikia izanen dute 11:00etatik 13:00etara. 18:00etan trikitila­riek kalejira eginen dute eta, ordu berean, Beti Gaztek antolatutako ajoarriero lehia­ketari hasiera emanen zaio Alondigako estalpean edo, urteren batean egin den bezala, eguraldiak lagunguko balu, Beheko Plaza inguruan. Bikote bakoitzak 2 kilo bakailao eka­rri beharko ditu. Elkarteak 40 euro emanen dizkio bikote bakoitzari. Bikote bakoitzak gas-sukaldea, kazula, zartagina eta behar dituen tresnak eraman beharko ditu. Antolakuntzak olioa, baratxuriak eta gatza jarriko ditu bikote bakoitzarendako. Sariak sailkatutako lehendabiziko 3 bikoteei emanen zaiz­kie. Bukatzeko, proba ikustera hurbildu den jendeak, lehiaketan parte hartu dute­nek egindakoa dastatu ahal izanen dute. Lagunga­rri, ardoa eta ogia banatuko da.

 

Ortzeguna, egun handia

Baina dudarik gabe, ortzeguneko feria eguna izanen da egun handia. Goiz osorako artisau erakusketa antolatu du San Fermin erretiratuen elkarteak Beheko Plazan. Azienda lehiaketan iazko sari beretsuak mantenduko dira. Behi-aziendei dago­kienez, hiru kategoriatan banatuko dira, holandesak, suitzarrak eta haragitakoak eta bakoitzean hiru sari banatuko dira eta hobekien aurkeztutakoak ere txapela jasoko du. Zaldi aziendentzat eta aharientzat ere hiru sari izanen dira, kopuru ttikiagokoak. Plazan aziendak ikusgai dauden bitartean, 11:00etan aizkolariak ariko dira (Donato Larretxea,…) eta ondotik Sebastian Lizaso eta Iker Zubeldia bertsolariak, Bortzirietako bertso eskolak antolatutako saioan.

Plaza inguruan eta Bittiria karrikan hainbertze saltzaile ere izanen dira, beraien produktuak salgai dituztela eta horien inguruan hainbat jende bilduko da, eskaintza onen baten bila.

Bazkalondoan, 17:30ean pilota partidak jokatuko dira eta 19:00etan dantzaldia Plaza Zaharrean, Lesakan aurtengo udazkeneko feriak akautzeko.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun