Urriaren 22an jokatu zen Gure Txokoa elkarteak antolatutako Lizuniagako Igoeraren XXXI. edizioa. Aurten, berrikuntza gisa, denborak txiparekin hartu ziren. Gainerakoan, betiko ibilbidea izan zuten korrikalariek, 4,9 kilometrokoa Eztegara eta Lizuniaga artean. Denetara, 103 korrikalarik parte hartu zuten.
16 minutu eta 3 segundoko denbora hobetzen zuenarentzat 300 euroko saria jarria zuten antolatzaileek, baina inor ez zen hurbildu errekorrera. Bizkorrena Durangoko Dabid Garcia Gil izan zen (17:26). Bigarren postua Alkotzeko Mikel Beunzarentzat izan zen (17:34) eta Irungo Josu Arburuak osatu zuen podiuma (17:35). Laugarren postua Berako Fernando Etxegarairentzat izan zen (17:45).
Eskualdeko gainerako kirolariei dagokienez, Angel Garate iruritarra hamekagarren izan zen (19:20) eta beterano mailako hirugarren postua lortu zuen. Berako Angeltxo Aranibar hamahirugarren izan zen (19:42), Iñaki Pikabea hamalaugarren (19:48), Juan Luis Irazoki hamabosgarren (19:49). Narbarteko Fermintxo Oteiza hamazazpigarren (20:01) eta Berako Guillermo Perugorria hemezortzigarren (20:11). Gazteetan, Beñat Mitxelena beratarra izan zen bizkorrena (21:07) eta 24. izan zen sailkapen orokorrean.
Emakumezkoen artean, Maika Ariztegi iturendarra berriz ere garaile atera zen (22:14). Bigarren postua Marisol Martinez irundarrak eskuratu zuen (23:49) eta hirugarrena Irene Almandoz beratarrak (25:44). Aipatzekoa da, emakumezkoen parte-hartzea, 23 helmugaratu baitziren.
Leire Telletxea beratarra seigarren izan zen (27:44), Irene Matxiarena beratarra zazpigarren (27:57), Garbiñe Iguaran beratarra zortzigarren (27:59), Oihana Almandoz lesakarra bederatzigarren (28:02) eta Lourdes Alunda arraioztarra hamargarren (28:47).