Egitasmo ugari eskolan ikasturte hasieratik

TTIPI TTAPA 2011ko azaroaren 9a

Igantziko Eskola

Joan den urteko planekin jarraituko dute aurten ere eskolan. Dagoeneko baratze­ ekologikotik artaburuak bildu dituzte eta konposta sortzen ere segitzen dute. Asta­ makilak Udalak duen arbaztak xehatze­ko makinarekin puskatu eta konpost maki­nan sartu dituzte eta hortik lortzen duten konposta baratzerako onga­rri gisa erabiliko dute. Jantokian eta ikasleek ekartzen dituzten jakietatik sortzen diren hondakin organikoak ere horrat botatzen dituzte. Eta konposta idortzeko, eskolako ikasle baten aitak ekarritako zerrautsa botatzen dute. Eskolakoek kontatu digute­n­ez, artaburuak idortzeko gela batean zabaldu dituzte eta laster aitatxi edo amatxi­ batek erakutsita, artaburuak aletuko dituzte neska-mutikoek. Arto ale horiek, be­rriz, Guraso Elkarteak eta eskolak antolatuko dituen zinema saioetarako krispetak­ egiteko erabiliko dira. Horrez gain, baratzean orain hamalau kalabaza geldi­tzen dira, jantokian jateko edo jangelan gelditzen ez diren ikasleen artean banatzeko erabiliko direnak. Dena bildutakoan, berriz lurrari buelta eman, ongarria bota eta landare berriak landatzeko asmoa dute. Bertzetik, joan den azaroaren 4an paratu­ zuten liburutegia mar­txan, eta yoga eta margotze klaseak ere hasiak dira, emozio hezkuntzako saioekin batera. Aurten, berrikuntza gisa, gurasoendako Emozio Hezkuntza Familian izeneko 20 orduko ikastaroa ere prestatzen ari dira. Bortzirieta­ko gurasoentzat izanen da eta parte hartu nahi duenak eskolara dei dezake.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun