Udazkeneko Kultur egunak hagitz ongi joan dira. Aroarekin ezin kexatu ez eta partehartzearekin ere. Azaroaren lehenean, euri zaparradak eta trumoi eta tximista hotsak izan baziren ere goizaldean, eguerdirako ateri mantendu zen eta horrek bisitari uholdea animatu zuen gure herrira. Ekaitza Elkarteak hamaseigarren aldiz antolatutako Baserritarren Eguna arrakastatsua eta parte hartzailea izan da. Merkatu itxurako frontoi sarrera eta barrena erakargarria zegoen zinez. Bertako produktuen erakusleiho koloretsua ikus zitekeen eta nahi zuenarentzat etxera produkturen bat eramateko aukera ere eskaini zen.
Guztira, 24 postu paratu ziren eta dozenaka azienda, sei etxeetatik ekarriak. Hortaz gainera, iaz bezala, poneykin hainbat haur paseoan ibili zen plazan.
Zazpigarren gazta lehiaketan, herriko hamalau gazta-egilek parte hartu zuten eta goi mailako ardi gaztak izan omen dira aurten ere epaimahaiaren aburuz. Aldi honetan, Tuanekobordako Marixol Almandozen gazta izan zen hoberena eta 60 euroko saria jaso zuen. Bertako produktuekin osaturiko zarea, berriz, Martixinekobordako Pantxo Mitxelenari tokatu zitzaion.
Bertzalde, Ekaitza Elkartearen ordez, Guraso Elkarteak ostatua jarri zuen, diru beharrean baitago eta Gurasoek Ekaitza Elkarteari eskerrak eman nahi dizkiote.
Bertsoak, haurrak eta landare kontuak
Euskara Batzordeak antolatuta, bertze hainbat ekintzek ere harrera ona izan dute. Urriaren 29an, bertso afaria izan zen Ekaitza Elkartean Onintza Enbeita eta Oskar Estangarekin eta giro ederra sortu zen. Urriaren 31n, bizpahiru orduz haurrek libesio ederra izan zuten. Eskertzekoa da Guraso Elkartearen lana, eta bereziki guraso batzuek zuzenki izan zuten partehartzea: Roxa Maiz, Amaia Telletxea, Maixe Oskoz…
Hasteko, Roxak ipuin bat kontatu zuen; ondotik, Amaiak Aintzane Pikabearen txistu eta trikiti doinuen laguntzaz, haurrak kantuan eta dantzan jarri zituen; eta azkenik, Maixek haur kuadril ederrari aurpegiak margotu zizkion. Herri kirolak eta jokoak egiteko eta zezenaren aitzinean lasterka aritzeko aukera ere izan zen. Arratsaldeari akabera emateko, txokolate beroa pastelekin hartu zuten.
Egun berean hogei bat lagun Jagoba Errekondoren hitzaldira hurbildu ziren eta bi ordu pasatxoko solasaldia aski interesgarria izan zen.