Udako eguraldi eguzkitsuarekin egin zen urriaren 23an Gure Txokoa elkarteak 25. urtez antolatutako Lurraren Eguna. Gainera, «inoiz baino feria handiagoa» izan zela erran zuten antolatzaileek, 134 eskulangile eta produktore plazaratu baitziren. Goiz goizetik Altzateko karrikan eta plazan barna hedatuak zeuden 76 eskulangileen postuez gain, 58 lagunek eramandako barazki eta baserri eta mendietako produktuak ikusgai izan ziren eskola inguruan. Gazta lehiaketan hamabi ale aurkeztu ziren eta horien artean, Arantzako Serorenbordako Margarita Madariagak irabazi zuen (220 euro). Bigarren saria (100 euro) Etxalarko Intzekobordako Josetxo Ariztegirentzat izan zen eta hirugarrena (75 euro) Arantzako Simonenbordako Loli Mutuberriarentzat. Sagardo lehiaketara, berriz, 16 botil sagardo aurkeztu ziren eta horien artean, Lesakako Lokarinbordako Imanol Lopezek eskuratu zuen lehen saria (200 euro). Bigarren saririk ez zen eman, bai, ordea, bi aipamen berezi, Alkaiagako Periko Matxikoteren eta Arantzako Joxe Agustin Irigoienen sagardoentzat. Ikastolan, Rosa Errandoneak paratutako argazki erakusketa ikusgai izan zen, Berako baserriei buruzko 130 argazkirekin. Bezperan, bosgarren barazkiopil lehiaketa egin zen. Hamar koadrilen artean, Bernardette eta Alexek irabazi zuten.