Juan Carlos Pikabea margolari lesakarrak 47 urte ditu eta 14-15 urte zituenetik pintzela eskuetan darabil. «Juan Ignacio Larramendik margolaritza klaseak ematen zituen eskola orduetatik kanpo eta berekin hasi nintzen, margoketarako eskua nuela erraten zidan eta berekin hasi nintzen lantzen». Hogei urte egin arte berekin aritu zen astean ordubetez eta oinarriak eta afizioa orduan hartu zuen. Geroztik, bere kabuz aritu da. Azaroaren 20an, bere bortz margolan Pariseko Gran Palais aretoan zintzilikatuko ditu.
Zertan aldatu da zure margoketa hasi zinenetik gaur egun arte?
Teknikoki nere bidea jorratu dut eta orain dela 30 urteko margoekin konparatuz, nortasuna, margotzeko formak, argia… gauza aunitz aldatu dira. Oraingoak hagitzez argitsuagoak dira, baina egoera animikoaren arabera ere izaten dira aldaketak.
Urte hauetan hainbat erakusketa egin dituzu. Bakarren batekin geldituko zinateke?
Jakan, Zaragozan, Madrilen eta Iruñeko Planetarioan bi aldiz… Denek izan dute bere garrantzia, erronka horiek ematen dutelako lanerako bultzada, hurrengo emaitzaren bila joateko. Erakusketen bidez jende gehiagorengana ailegatzen zara. Iruñeko Ziudadelan egin nuen erakusketan 2.500 pertsona pasatu ziren, Donostian 2.000 baino gehiago hamabortz egunez. Hori herri batean lortzea ezinezkoa da.
Udaro zure etxean ere erakusketa zabaltzen duzu. Jende aunitz hurbiltzen da?
Normalean herriko eta inguruetako jendea, nere obra ezagutzen duena edo komunikabideetan zerbait somatu duena etortzen da, turistak baino gehiago. Agian herrian izanez gero aretoa jende gehiago hurbilduko zen, baina etxe partikular batean denez, erreparo gehiago ematen dio.
Inguruko jendeak ezagutzen du zure obra edo zaila da norbere herrian profeta izatea?
Kontuan hartu behar da Lesakako jendeak erositako 54 koadro baditudala salduak, bada zerbait. Iruñean erakusketa zabaltzen badut, han bizi diren lesakar guztiak hurbiltzen dira. Heldu den urterako Gasteizen, Lizarran eta Irunen hitzartuak ditut erakusketak, hurrengoan agian Bilbon… Garrantzitsua da mugitzea eta ni Euskal Herri osoan ibilia naiz.
Gaur egun posible da pinturaz edo arteaz bizitzea?
Nik 14-15 urte baditut pinturaz bizitzen, posible posible da. Beti bizikatu da jendea arteaz, zaila da, mugitu egin behar duzu eta margotzen duzun mailak ematen dizu aukera saltzeko, erakusketak egiteko… erakusketak jende gehiago ezagutzeko aukera ematen dizu, eta dena batera datorren katea da.
Eta orain Parisera…
Hori bertze urrats bat izanen da zure ibilbidean? Erronka garrantzitsua da, Pariseko Grand Palaiseko Sallon des Indépendents areto hau garai batean inpresionistek bere obra ezagutzera eman zuten lekua da. Kanpora ateratzea pausu garrantzitsua da bertan errekonozitua izateko ere. 5 koadro eraman ditut, 3 formatu handikoak eta 2 ttiki. Ikusi behar zer erantzun duen! Egin ditudan erakusketa guztiek ate berriak ireki dizkidate eta pentsatzen dut Parisen ere, hainbertze jende ibiltzen den lekuan sortuko dela aukeraren bat. Lehendik ere Parisen baditut koadro franko eta koadroak erosiak zituzten horiek animatu naute joateko. Sikologikoki ere Parisek bertze zerbait erran nahi du jendearentzat. Azaroaren 22an irekiko da erakusketa eta astebetez egonen da zabalik.
Gehien bat paisaiak margotzen dituzu…
Paisaietan ere ez da gauza bera itsasoa margotzea, edo mendiak edo ibai bat. Baina baditut inauterietako gaiak irudikatzen dituzten koadroak ere, Lesakako zakozarrak, Zaldikoa, Lantzeko inauteriak, Euskal Herriko ohiturak…
EGUNEAN 9-10 ORDU
«Nik egunean bederatzi-hamar bat ordu ematen ditut lanean. Oihal handi bateko margolanak 200 bat orduko lana eskatzen du, baina ez naiz inoiz erabat koadro bakarrarekin aritzen, hiruzpalaurekin baizik. Batean igual arbolak margotzen ditut eta lehortzen uzten dudan bitartean bertzean aritzen naiz., hostoak edo formak egiten…»