Azaroaren 4ean, ortziralean hasiera emanen zaio Berako Kafe Antzerki Zikloaren hamahirugarren edizioari. Zikloa euskara batzordeak antolatzen du, Berako Kultur Batzordearen eta Bortzirietako Euskara Mankomunitatearen laguntzarekin, eta helburu du euskarazko antzerkia ostatuetara, eta, oro har, jendea biltzen den tokietara, eramatea.
Aurten zikloaren barrenean hiru emanaldi antolatu dira. Lehenbizikoa azaroaren 4koa izanen da, 22:00etan, Kataku ostatuan. Antzezlana “Sarean zintzilikatua” izanen da, Txirene taldearena. Komedia honetan, teknologia berreen aurrean Olatzek dituen erreakzio desberdinekin eginen dugu topo. Hagitz zaila egiten baitzaio guztiak ulertzea, eta are gehiago, inposatzen zaion abiadura berean. Horregatik kontatzen digu, bere bizimodu apalean zenbat kosta zaion pixkanakapixkanaka guztiak barneratzea. Irri eta barre artean, GPSa, WEBCAMa, posta elektronikoa, eta gisakoak derrigorrez nola iritsi zaizkion adieraziko digu.
Azaroaren 11n, berriz 22:00etan, emanaldia Errekalde ostatuan izanen da. Xagu Taldeak “Agur, Manhattan!” antzezlana eskainiko du. Gaur egun estresak jende anitz harrapatzen duenez, antzezlan honetan enpresari, etxekoandre, famatu eta abar ikusiko ditugu larri antzean, psikologoaren kontsultan. Urtetan egindako lan bikainaren ondorioz, Muñagorri doktorearen kontsultak mundu mailako ospea lortu du gaitz horiek sendatzeko. Azken aldian, ordea, doktorearen bizitza dexente aldatu da eta dibortziatu ondoren diru arazo handitan sartu da. Nolanahi ere, bere egoera pertsonal nahasiari buelta emateko aukera bikaina heldu zaio bezero baten bidez. Handik aurrerakoa kontatzerik ez dago, noski, baina bada aurreratu daitekeen zerbait: gauzak nekez ateratzen dira nahi bezala.
Azken emanaldia azaroaren 20an izanen da. Komeni da oharraraztea emanaldi guztiak ortziralez izaten direla, baina azkeneko hau igandearekin izanen dela, eta 19:00etan. Tokiari dagokionez, Auzoa ostatuan izanen da. Jon Zubiaga Osoronek “Buah, txabal!” antzezlana eskainiko du. Garikoitz Kortabitarte, “Beti”, 20 urte bueltako gazte bat da. Goitizena beti lokalean sartuta egotetik datorkio. Bart, salbuespen moduan, herrira atera da parrandara eta tragedia bat gertatu zaio: mugikorra galdu du. Zergatik da, ordea, mugikorra galtzea halako tragedia? Garikoitzek, horren zergatia kontatzen digun bitartean, gazte horrek euskararekin duen harreman gatazkatsua, bere izaera xelebrea eta lokaletako gazteen gaineko topikoen parodia estremo baten lekuko egingo gaitu.