Giro ederra izan zen azaroaren 1ean Arantzako Baserritarren Egunean. Ekaitza Elkarteak antolatutako egun honekin borobildu ziren Udazkeneko Kultur Egunak.
Ehundaka lagun bildu ziren plaza eta frontoi inguruan, Arantzako baserrietatik eta mendietatik ekarritako produktuak eta eskulanak ikustera, dastatzera eta erostera. Ardi aziendak ere plazaratu ziren eta ttikienek, Berako Etxegaraitarrek eramandako pottoken gainean ibiltzeko aukera izan zuten.
Gazta lehiaketa
Hainbat produkturen artean, gazta lehiaketa ere egin zen. Aurtengoan hamalau gazta aurkeztu ziren eta horietatik 5 pasatu ziren azken fasera. Lau lehenbizikoetan bat egin zuten epaimahaikideek, baina bosgarrena erabakitzeko lan gehiago izan zuten, hasiera batean puntutan berdinduak baitzeuden bosgarrena, seigarrena eta zazpigarrena.
Azkenean, 60 euroko lehen saria Tuanekobordako gaztarentzat izan zen. Bigarren saria Otsarrako gaztak eskuratu zuen eta hirugarrena Serorenbordakoak.