Elkarrizan bolondres taldeak boluntario gehiago lortzeko sentsibilizazio kanpaina abiatu du Behar zaitugu, behar gaituzu izenburupean. Genero perspektibatik, gizonezkoak ere animatu nahi dituzte boluntario izatera, gaur egun dituzten 40 boluntarioetatik hiruzpalau bertzerik ez baitira gizasemeak.
Bortzirietako Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen bidez egiten da taldearen kudeaketa eta etxeetan eta adineko egoitzatan lagundu, ezintasuna duten elkarteko aisialdi jardueretan parte hartu, helduak alfabetizatu, haurrei etxeko lanetan lagundu edo ospitaletan laguntzen aritzen dira. Beti ere «norberak duen denboraren arabera», urriaren 19an prentsaurrean jakinarazi zutenez. Jokin Apezetxea Bortzirietako Gizarte Zerbitzuetako teknikariarekin batera, Marian Biurrarena Elkarrizaneko koordinatzailea eta Alfonso Obeso, Pakita Urtizberea, Marixabel Zugarramurdi, Amaia Huartemendia, Fernanda Altzuguren eta Kontxi Iñarga boluntarioak izan ziren agerraldian. Denak ados azaldu ziren: «Boluntario izateak kentzen dizuna baino aunitzez gehiago ematen dizu».
Zailtasun ekonomikoak dituzten haurrei etxeko lanetan laguntzeko eta helduak alfabetizatzeko lanetan ere ari dira. Irakasle lanean ari den Kontxi Iñarga aipatu zuenez, «helduekin astean bitan elkartzen gara eta esperientzia hagitz aberasgarria da, nahiz eta zailtasunak dituzten hizkuntzarekin. Haurrekin errazagoa da».
Baina laguntza edozein motatakoa izan daitekeela ere aipatu zuen Marian Biurrarena koordinatzaileak, batzuetan aski arruntak. «Zahar Etxean musean aritzeko hiru lagun bakarrik zirela erran ziguten eta hor joaten da Elkarrizaneko boluntarioa gustora».
Zerbitzua ahalik eta profesionalena izateko asmoarekin, boluntarioei formakuntza, erantzukidetasun zibileko asegurua, kilometraje gastuen ordainketa eta jarraipena eskaintzen zaie, hilabetero koordinazio bilera egiten baita.
Sentsibilizazio kanpainari dagokionez, TTIPI-TTAPA aldizkarian banatu den biorrikoarekin eta prentsaurrearekin batera, Lurraren Egunean eta Lesakako Ferietan informazio stand-a paratuko dute. Harremanetarako eta informazio gehiagorako 948 635036 telefonora deituz edo ssb@lesaka.net helbidera idatziz egin daiteke.