Urtero bezala, su egur loteak eskatzeko deialdia egin du aurten ere Udalak. Interesatua dagoenak urriaren 31 izanen du eskaera egiteko azken eguna, eta Herriko Etxean egin beharko du. Etxe bakoitzeko lote bakarra eskatzen ahalko da, 25 euro ordainduz.
Udal bulegoetan berogailua
Udal bulegoetan berogailua paratuko da. Bulego berrietara pasatu zirenetik, berogailu elektrikoak erabili izan dira, baina orain, biomasa bidezko sistema paratuko da. Arantzako Goienburu enpresak eginen ditu lanak, 9.760,87 eurotan.
UEMAn sartzea
Udalerri Euskaldunen Mankomunitatean sartzeko proposamena esku artean darabilki Udalak. Oraindik deus erabakia ez badago ere, gaia plenoetara ailegatu da.
Igerilekura
Multikiroletan izena eman duten eskolako 4., 5. eta 6. mailetako ikasleak Lesakako igerilekura joanen dira astean behin, abendura arte. Ortziraletako saioetan herrian ariko dira kirola egiten.