Dena prest dago larunbat honetan hasiko diren Kultur Egunetarako

Nerea ALTZURI 2011ko urriaren 27a

Herriko neska-mutikoak euren eskulanak atera zituzten iazko Baserritarren Egunean. Artxiboko argazkia

Bertso afaria, haurrentzako ekitaldiak, solasaldia eta Baserritarren Eguna izanen dira osagai nagusiak

Udazkeneko kulturaldiaren baitako xehetasun guztiak jaso ditugu. Euskara Batzordeak, Guraso Elkarteak eta Ekaitza Elkarteak antolatu eta Udalaren lagun­tzarekin aitzinera eramanen diren ekitaldiak, urriaren 29tik azaroaren 1era izanen dira.

 

Larunbata, urriak 29

Larunbat honetan, urriak 29, Onintza Enbeita eta Oskar Estan­garekin bertso afaria izanen da Ekaitza Elkartean.

 

Astelehena, urriak 31

Urriaren 31n, heldu den astelehenean, 16:30etik aitzinera, haurrentzako ekitaldi mordoxka izanen dira. Berrikuntza gisa, Amaia Telletxeak gidatuta, kantak kantari ariko dira. Eskulan tailerren eta herri kirol saioaren ondotik, bestetan bezala, entzierro ttikia eginen dute. Aski tarte polita pasatu zuten orduan eta horrelakoak errepik­a­tzea merezi du. Ekitaldi guztien ondotik, merezitako txokolate jatea eginen dute.

Egun honekin jarraituz, 19:00etan Zahar Txokon Jakoba Errekondo zeraindarrak solasaldia eskainiko du. Jakoba baratze kontuetan arront jauntzia da eta Bertze ikuspegi bat landareei buruz izenburuko mintzaldia eskainiko du. Lorezaintza, baratze eta basogintza alorretako hainbat kontu jorratzeko aukera izanen da.

 

Asteartea, azaroak 1

Azaroaren lehenean, asteartean, aspaldiko urteetatik Ekaitza Elkarteak prestatzen duen Baserritarren Egunaren txanda izanen da. Ohi bezala, goizean he­rriko plaza eta frontoian bertan egindako eta hazitako hainbat produktu eta eskulan erakutsiko dira: aziendak, barazkiak, fruituak, gozoakiak, opilak, zerrikiak, gaztak, artisau lanak… Denetarik ikusgai eta salgai izanen dira.

Ber­tze aldi batez, Arantzako ardi gazta lehiaketa ere eginen denez, parte hartu nahi duten gazta egileei goizean gazta frontoira eramateko eskatu zaie elkartetik. Horrez gain, joan den urtean bezala, Guraso Elkartearen eskutik Berako Etxegaraitarren poney-ak plazan ibilaldiak egiten ariko dira gaztetxoenekin.

Ekaitza Elkarteak ostatua ere jarriko du, tragoxkak eta pintxo beroak eskainiz.

Aipatzekoa da, azken urteetan bertako eta in­guruko jende aunitz hurbiltzen dela Baserrita­rren Egunean goizpasa.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun